Mercedes Maroto-Valer zientzialariak jasoko du Arabako Domina

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 16a

Mercedes Maroto-Valer zientzialari arabarra. Argazkia: AFA

Aldundiak deskarbonizazioan erreferente den Arabako ikertzailearen lana aitortu du, bere "balio pertsonal eta profesionalengatik" eta "politika zientifiko, industrial eta ekonomiko berrien garapenean izandako eraginagatik".

2024ko Arabako Domina, Arabako Foru Aldundiaren aintzatespenik handiena, Mercedes Maroto-Valer (Gasteiz, 1971) zientzialari eta irakasle arabarrari ematea erabaki du foru gobernu kontseiluak, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak berak proposatuta, "bere ibilbide osoan zehar transmititu dituen balio pertsonal eta profesionalengatik, eragin zuzena izan baitu politika zientifiko, industrial eta are ekonomiko berrien garapenean".

"Lurraldeko emakume gisa, bere lanbideak eraman duen tokian izan da, betiere harrotasunez bere jatorri gasteiztarra eta arabarra defendatuz", aldarrikatu du aldundiak. "Munduko adierazle da ikerketaren arloan, aurrerabideari eta gizarte ongizateari modu eredugarrian laguntzen dio, eta erreferentea da emakumeek zientziaren arloan duten ordezkaritzan".

Halaber, "bikaintasun zientifikoa, konpromiso publikoa eta ikertzaile belaunaldi berrien inspirazio eredu gisa egiten duen lana" azpimarratu ditu foru gobernuak. "Trabak hautsi dituen, kristalezko sabaiak txikitu dituen eta munduko industrietan aldaketak bultzatzen ari den emakume eredugarria da".

San Prudentzio Egunean, apirilaren 28an (aurten igandea), egingo den ekitaldi batean jasoko du aitortza ikerlari arabarrak.

Nazioarteko ibilbide oparoa

San Martin eta San Viator ikastetxeetako ikaslea izan zen Mercedes Maroto-Valer. Ondoren, EHUn egin zituen kimika ingeniaritzako ikasketak, eta Eskoziako Strathclyde Unibertsitatean doktoratu zen. AEBetan zazpi urtez lan egin ondoren, Europara itzuli zen bere ikerketa eta irakaskuntza lanarekin jarraitzeko.

Gaur egun, Erresuma Batuko Industria Deskarbonizaziorako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko (IDRIC) zuzendari eta Champion-a da. Industria klusterren zero isuri garbiko trantsizioa bizkortzea eta munduko zero isuri garbiko lehen industria klusterra ezartzeko helburua duen Deskarbonizazio Industrialaren Erronkaren parte da zentroa.

Aldi berean, Edinburgoko Heriot-Watt Unibertsitateko zuzendariordea da Maroto-Valer, Jasangarritasun Globalaren eremuan. Bertan, jasangarritasunaren agendaren buru da, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) gauzatzeko eragina lortzeko zereginarekin.

Research Centre for Carbon Solutions (RCCS) nazioartean aitortutako zentroa ere zuzentzen du, Energia Ingeniaritza Jasangarriko Robert Buchan katedradun gisa. RCCS diziplina anitzeko zentro liderra da berrikuntzan, zero emisio garbiko helburuak lortzeko beharrezkoak diren karbono isuri txikiko energia sistemak orokorki hedatzeko xedez.

Kentuckyko Unibertsitatean, Pensilvaniako Estatu Unibertsitatean eta Nottinghameko Unibertsitatean ere kargu akademikoak bete ditu, Edinburgoko Errege Elkartearen aitortza jaso du, eta IChemE-ko kidetza mailarik altuena du, besteak beste. Gainera, ardura postuak betetzen ditu zenbait sozietate profesionaletan zein kontseilu editorialetan; horien artean nabarmentzekoa da Trantsizio Energetikorako Ingeniarien Kontseiluan (CEET) duen partaidetza, Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiaren babespean.

Bestalde, ikerketa zientifikoarekin lotutako 550 argitalpen baino gehiago landu ditu Maroto-Valerrek, eta horiengatik nazioarteko sari ugari jaso ditu. Berriki, gainera, Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) COP28 konferentzian NetZero Industries Award saria eman diote, Emakume Berritzaileen kategorian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago