Iritsi da txotxaren ordua. Ostegun honetan, urtarrilaren 18an, Arabako sagardoaren 2024ko denboraldia hasiko da, 12:00etan Kuartango Sagardotegian egingo den inaugurazio ekitaldiarekin batera.
Paul Urkijo zinegilearen lekukoa hartuta, aurten Mikel Landa txirrindulari zuiarrak irekiko du aurten lehenengo kupela, bai eta lehen sagardoa dastatu ere. Horrela, Arabako sagardogileen elkarteak "errekonozimendua eta babesa" adierazi nahi die lurraldeko kirolariei, "hainbeste poz eta gainditze eredu" emateagatik.
12:00etan ongietorriko bermuta hartzeko aukera izango da. 12:30ean, prentsaurrekoa eskainiko dute Arabako hiru sagardotegi nagusiek —Aramaioko Iturrieta Sagardotegia, Askartzako Trebiñu Sagardotegia eta Kuartango Sagardotegiak—, Landarekin batera. 13:00etan, arabar barietateko zuhaitz bat landatuko dute sagardotegiaren inguruetan. 13:30ean, txotx irekiera egingo dute. Eta, azkenik, 14:00etatik aurrera, lagunarteko bazkaria egingo dute.
Iturrietako festa, biharamunean
Joan den astean Goiena hedabideak argitaratu zuenez, Aramaioko Iturrieta Sagardotegian hurrengo egunean, urtarrilaren 19an, irekiko dute txotx denboraldia. Maiatzera arte luzatuko da aurtengo sasoia, eta ordura arteko larunbat eguerditako erreserba guztiak beteta dituzte dagoeneko.