Osakidetzan zortzi milioi euro "legez kontra" esleitu izana salatu du LABek

Erredakzioa 2024ko urt. 15a, 14:57

Garbiñe Aranburuk eta Jesus Oñatek azterketa aurkeztu dute gaur. Argazkia: LAB

2022an egindako kontratu txikien esleipen prozedurak aztertu dituzte. ESIrik "zipriztinduenak" bi dira sindikatuaren esanetan: Arabako ESIa eta Gurutzetako Ospitalea.

Osakidetzak 2022. urtean egin dituen kontratu txikien esleipen prozedurak aztertu ditu LAB sindikatuak, eta hortik ondorioztatu du zortzi milioi euro esleitu dituztela "legez kanpoko kontratazio prozedura bidez". Osakidetzaren ibilbidean izandako "jarrera desegokiekin eta irregulartasunekin liburu mardula idatzi daiteke", adierazi du LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk. Zehazki 381 dira, sindikatuaren esanetan, lehiaketa publikora atera behar zuketenak eta atera ez direnak, "eta zuzenean enpresa jakin batzuei eman zaizkienak".

Praktika "orokortua" izan dela azaldu du zentralak, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko ESIetan; izan ere, guztietan atzeman ditu LABek horrelako praktikak, eta ESIrik "zipriztinduenak" bi direla azpimarratu du: Arabako ESIa eta Gurutzetako Ospitalea. Hala, Arabako ESIan mota horretako 60 kontratu aztertu ditu LABek, 1,6 milioi euroko aurrekontua suposatu dutenak; beste 26 kontratu Antolaketa Zentralean, 439.410 euroko aurrekontuarekin; eta 104.853 euroko aurrekontua izan duten lau kontratu Lezako ospitalean.

LABeko Osakidetzako ordezkari Jesus Oñatek eman ditu zehaztapenak: "Obra, zerbitzu eta horniketarako kontratu txikietan ezarritako kopuruak gaindituz gero, lehiaketa publikoa deitu beharra dago. Esleitu beharreko kopuruak zatituz, lanak lehiaketara ateratzea saihesten dute. Horrek bi ondorio ditu: nahi duten enpresari eman diezaiokete kontratua zuzenean, eta enpresen arteko lehia ekiditen dute, kontratuak garestituz.

"Kontratazio prozedura horrek arindu eta azkartu egiten du kontratazio lana, baina guztiz legez kanpokoa da. Eta gainera zuzenean kontratatutako enpresen eta zipriztindutako ESIko zuzendarien eta arduradunen arteko harremana ere susmopean jartzen du", azaldu du Oñatek. Gainera, kontratu txiki horien esleipen askotan enpresa eta enpresari berak errepikatzen direla atzeman du sindikatuak, eta Bizkaiko Gurutzetan eta Arabako ESIan "bereziki nabarmena" da hori.

"Kontrol publikoa saihesteko"

Kontratu publikoen legeak jasotzen duenez, obra esleipenak zatitzea ez da legala, eta LABek aztertutako kasuetan, gainera, obrak zatitzeko arrazoi ekonomiko, organizatibo edo teknikorik ez dago. "Arrazoi bakarra da enpresa batzuk saritzea; gainera, egiteko modu horrek kontrol publikoa saihestea dakar, opakua da, eta honelako lanak esleitzerakoan beharrezkoak diren publizitate baldintzak saihesten ditu. Hori oso larria da. Larria da, helburu argia duelako", kritikatu du Aranburuk.

LABeko arduradunen hitzetan, jazotakoa ez da kudeaketan gertatu den hutsunea, "erabaki politikoa" baizik; eta gogor kritikatu du EAJren eredu "neoliberal eta klientelarra". Aranbururen hitzetan, "osasun zerbitzu publikoa, bere ospea eta irudia kaltetzen" ari da EAJren gobernua. "EAJ kudeatzaile eta zaintzaile ona da negozio pribatuak babestea denean helburua, baina ez zerbitzu publiko indartsuak defendatzeko".

Iñigo Urkullu lehendakariari eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendu zaie Aranburu: "Agortu zaie denbora. Alferrik saiatuko dira gertatzen ari denaren ardura langileen eta sindikatuon higadura estrategia bati egozten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago