Josean Galera foru diputatu ohia hil da

Erredakzioa 2024ko urt. 12a, 12:20

Josean Galera, Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatu ohia. / Argazkia: AFA-Quintas

64 urterekin zendu da Josean Galera, 2015etik 2023ra Arabako Ingurumen Saileko foru diputatua izandakoa, gaixotasun baten ondorioz. Bere senide eta lagunei "saminean lagun" dutela adierazi die Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak.

Josean Galera (Gasteiz, 1959) hil da ostiral honetan, 64 urte zituela. Industria ingeniari teknikoa eta ingurumen ingeniaria (EHU) zen Galera. 2015 eta 2023 urteen bitartean, zortzi urtez, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako foru diputatua izan zen, EAJk proposatuta. Baina duela sei hilabete utzi zuen kargua, foru hauteskundeen ostean gobernu berria osatu zenean.

Duela urtebete inguru diagnostikatutako gaixotasun baten aurka borrokan aritu da azken hilabeteetan, eta horren ondorioz hil egin da.

Bere ibilbide profesionalean zehar, hainbat enpresatako administrazio-kontseiluetako kide eta Gasteizko Udaleko funtzionarioa izan zen, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea ere, 2013tik 2015era. Gaur egun, foru gobernuan emandako bi legegintzaldien ostean, aholkulari gisa lan egiten ari zen Arabako Foru Aldundian. Azken urteetan, bereziki energia berriztagarriak Araban hedatzeko estrategian murgilduta ibili zen.

"Josean Galera joan zaigu", jakinarazi du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, bere sare sozialetan. "Lankide, kolaboratzaile eta lagun izan dut azken zortzi urteotan, 2015eko uztailean Ingurumen eta Hirigintzako foru-diputatu izendatu nuenetik. Une onak eta txarrak bizi izan ditugu, baita hainbat kezka, ardura eta ilusio partekatu ere. Araba jasangarriago bat eraikitzeko proiektua izan dugu hizpide, eta Josean, bere bizitzaren zati handi bat erronka hori aurrera eramaten aritu da, sutsuki, talde lanean, umoretsu eta beti baikor agertuaz".

Galeraren senide eta lagunei "saminean lagun" dutela adierazi die Gonzalezek. "Josean bezalako gizon handi baten heriotzak utzitako hutsune, atsekabe eta min izugarria nekez ahaztuko dut eta dugu", gaineratu du diputatu nagusiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago