Piztiaren ehiza

Erredakzioa 2024ko urt. 14a, 14:00

Urtero gogoratzen du Domaikian Piztiaren elezaharra. Argazkia: J. Gallego

"Ekaitzak zeudenean, ezkutalekutik irten, eta inguruko belardietan bazkatzen ari zen ganaduari edota harana zeharkatzen zuten lagunei eraso egiten zien"

Ugari dira Araban izaki mitologikoak, baina beharbada Piztia da denen artean beldurgarriena. Belaunaldiz belaunaldi, mendeetan, pertsonaia misteriotsu batek ikaratu ditu Zuia bailarako herritarrak. Domaikiako bizilagunen kontakizunen arabera, Iruratxi mendiko harkaitzetan gordetzen zen irudikatu zuten begi bakarreko izakia, Oroko santutegia parez pare. Gauez, sastraka artetik zarata arraroak entzuten ziren, han zerbait gordetzen zen, baina ziurtasunez inork ez zuen izakia ezagutzen. Ekaitzak edo elurteak zeudenean, ezkutalekutik irten, eta inguruko belardietan bazkatzen ari zen ganaduari edota harana zeharkatzen zuten lagunei eraso egiten zien, eta mugitzen zen oro irentsi. Domaikiako apaizak berak ere, Julian de Olabarriak, Murgiatik alde egin ohi zuen gaua heldu orduko, "Piztia atera aurretik". Bere tamainagatik eta basakeriagatik ezagutzen zuten bizilagunek, XVIII. mende erdialdetik jasota geratu denez, eta "Piztia" izendatu zuten, antza, inguruko beste ezein animaliaren ezaugarririk ez zuelako. Deskribapenek argitutakoaren arabera, gerora, historialariek katamotz iberiarrarekin lotu izan dute. Herritarrengan eragindako izua hain zen handia, ezen Oroko Ama Birjinari egindako kantu eta erreguetan ere izakia misteriotsu hori zen protagonista nagusia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago