Katu beltzen atzetik

Erredakzioa 2024ko urt. 14a, 10:00

Sorginaren Txabola trikuharria, Bilarren. Argazkia: J. Gallego

"Gauero bideetara ateratzen zen herritarrei traba egitera"

Izaki misteriotsu eta ukiezinak ziren sorginak, jenioak, naturaren indarren irudikapena; modu harrigarrienean agertzen zirenak, baita animalien forma hartzen zutenak ere. Eta, era berean, beldurgarriak, herrian gertatutako zorigaitz guztien erantzule; lehorteak, uholdeak, jatorri ezezaguneko su edo izurriteen errudun nagusiak. Euskal Herri zabalean bezala, sorginen inguruko kondairak ugari dira Araban, bereziki Lautadan eta Mendialdean. Azazetan, esate baterako, kontatzen dutenez, katu beltz bilakatzeko gaitasuna zuen sorginak, eta gauero gauero bideetara ateratzen zen herritarrei traba egitera, gizon batek harrapatu eta kutxa batean sartu zuen arte. Biharamunean, kutxa barruan giltzapetuta emakume bat agertu zen; sorginkeria gehiagorik egingo ez zuela agindu zion, eta joaten utzi, baina ez zen hala izan. Alaitzan ere katu forma hartzen zuen sorginak, kondairaren arabera, eta etxean norbait gaizki portatzen zenean tximiniatik behera agertuko zen mehatxu egiten zieten umeei. Sorginaren elezaharra ere ezaguna da Urbisun; diotenez, katu batek traba egiten zion arratsaldean herriko baten etxean bilduta zegoen emakume talde bati. Katuaz nazkatuta, olio irakinez betetako kazola bat bota zioten; biharamunean, herriko emakume bat aurpegia erreta agertu zen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago