Euskal Herriko txoko magikoen artean, aparteko lekua du Gasteizko Urrialdok. 1935ean herrixkak su hartu ostean, hondar gutxi batzuk baino ez dira geratzen gaur egun. Horien artean, baina, tradizioak kontatzen duenez, egurrezko kutxatzar bat salbatu zen, eta barruan basiliskoaren hezurdura bat. Oilarraren burua eta sugearen gorputza duen animalia beldurgarri hori begiradarekin soilik edonor akabatzeko gai da. Elezaharrak kontatzen duenez, Urrialdoko bizilagunak baselizaren ondoko iturburura ura edatera edo garbitzera hurbiltzen zirenean azaltzen zen, eta ez zuten ihesbiderik; begiratzearekin bakarrik hiltzen zuen ingurura gerturatzen zitzaion edonor. Horregatik, herritik alde egitea erabaki zuten gehienek. Halako batean, ordea, ia lumarik ere geratzen ez zitzaion oilar zahar bat inguratu zen putzura; basiliskoa azaldu eta begira geratu zitzaion, baina oilarra ez zen kikildu. Begira-begira zeudela, oilarrak kukurruku bizia egin zion, eta haren kantu jasanezinak hil zuen basiliskoa. Harrezkero ez da piztia berezirik ikusi inguruan, baina alde egin zuten biztanleak ere ez dira inoiz itzuli. Antzeko kondaira kontatzen dute Iruña Okako Lupierroko bentan ere; bidaiarientzako ostatu arrakastatsua izandakoa, XX. mende hasieran, balisiskoa agertzearekin batera, sugarretan desagertu egin zen.