2021ean jaio zen Arabazan kultur elkartea, ipuin kontalari arabarrek sortutako taldea, ahozkotasunaren eta kontalaritzaren alorrean bidea urratzeko asmoarekin, eta proposamen berri batekin hasiko dute 2024a. Kontalaritza eskola bat sortzeko bidean, formakuntza eta trebakuntzarako saio trinkoak eskainiko dituzte urtarrila, otsaila eta martxoan.
"Eskola bat sortzeko baliabiderik ez dugu, momentuz, baina, lehenengo pauso modura, formakuntza beharrezkoa dela ikusten dugu", azaldu du saioak gidatuko dituen Itziar Rekalde kontalariak. "Gure helburua ofizio honi merezi duen duintasuna ematea da, eta horretarako ezagutza ezinbestekoa da". Ozetako Garaion Sorgingunean eskainiko diren saioak profesional, zaletu eta jakin-mina izan dezakeen edonorentzako modukoak izango direla gogoratu du.
"Kontalaritzak bere tokia galdu du, eta kontalarioi dagokigu bere tokia ematea"
Itziar Rekalde, kontalaria
Urtarrilaren 20an izango da lehendabiziko saioa, eta hiru atal izango ditu horrek: iruditeria, ebokazioa eta autofikzioa. "Ezer kontatu aurretik, non kokatzen garen jakin behar dugu kontalaritzan, nondik egiten dugun, gure erreferenteak zeintzuk diren... Iruditeriaren oinarrizko lanketa egingo dugu". Ebokazioa ere garrantzitsua da kontalaritzan, Rekaldek gogoratu duenez, eta hori lantzeko ariketak egingo dituzte, bizi izandakoak gogora ekarriz, diskurtsorik sortu gabe. "Beste elementurik ez dugunez, kontatzen dugunarekin bestearen ebokazioa piztu behar dugu; eta lehen naturalki egiten genuen, baina ahaztu samar daukagu, diskurtsoa sortzerako garaian memoria emozionala albo batera utzi dugulako". Azkenik, urtarrileko saioan, autofikzioari erreparatuko diote, norberaren narratibarako erreferente nagusia kontalaria bera baita: "Gure biografiatik aldendu eta zerbait unibertsala sortzeko ariketak egingo ditugu".
Otsailean eta martxoan, besteak beste, kode narratiboak testuinguruan txertatzen eta erregistro desberdinak desberdintzen ikasiko dute. Horiek guztiak, kontalaritzari buruzko "oinarrizko ezagutza bat" izateko, Rekaldek esan duenez. "Kontalaritza garaikideak bere tokia galdu du gizartean, baita arte eszenikoen artean ere, ez da kontuan hartzen, eta kontalarion beharra da dagokion tokia ematea, baina horretarako formazioa behar dugu, jakin behar dugu zertaz ari garen".
Hiru saioetan edo horietako batean parte hartzea aukeratu daiteke. Izen ematea Arabazan elkartean -arabazanarabazan@gmail.com- egin daiteke, argibide guztiak jasotzearekin batera.