Zuhaitz batean jaiotako atsoa

Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 10:00

Zuhaitz batean jaio da Mendiko Atsoa. Argazkia: PHOT.OK

"Mendiko Atsoak zuentzat eman didan ogia da", esaten zieten umeei.

Zuian, Kuartangon, Olabarrin edo Urkabustaizen oso ezaguna da Mendiko Atsoa, eta, halaber, emakume zaharraren irudiak garrantzi handia du Europa osoan. Arabako kasuan, kondaira ugari biltzen ditu, leku ezberdinetan beste pertsonaia batzuei egozten zaizkienak. Zuhaitz batean jaio eta bizi zela diote kondairek. Kuartangokoek diote sagarrondo batean jaio zela, eta urte asko bizi izan zela bertan. Zuian, berriz, pagondo batean jaio dela esaten dute. Ogiarekin oso lotuta egon da beti emakume zahar mitikoa. Artzaiak, basomutilak edo ikazkinak Badaiako edo Gorbeiako basoetara joaten zirenean, eguneko otordua egiteko janaria zorroan eraman ohi zuten; eta etxera itzultzen zirenean, ume txikiak berehala hurbiltzen zitzaizkien Mendiko Atsoak beraientzat ezer ba ote zuen ikusteko ilusioz. Zorrotik ateratzen zuten orduan soberan geratu ziren ogi puxkak edo ogi-muturrak txorizoaren usaiarekin eta zaporearekin. "Mendiko Atsoak zuentzat eman didan ogia da", esaten zieten. Alta, adineko emakume onberaren irudia urratzen duten bertsioak ere badira; zenbait tokitan izaki negatiboa eta beldurgarria bezala aurkeztu izan dute. Arrianon eta Lendoñobeitin, esaterako, ume bat gaizki portatzen zenean Mendiko Atsoarengana eramango zutela esaten zioten, mehatxu gisa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago