Animaliek edo euren pertsonifikazioek garrantzi berezia dute euskal mitologiako kondairetan. Otsoak, txakurrak, behiak, akerrak, herensugeak… maiz aurkitu dira horietan. Arabarrak are originalagoak dira, eta lehoi baten kondaira dute Trebiñu eta Mendialdea arteko lurraldeetan, Izki inguruan. Mitologikoa ez, baina mitoa bai bihurtu da bertako zenbait herritan Izkiko lehoiaren kontakizuna. 1962an, artzain batzuek kontatu zutenez, lehoi bat agertu zen Izkiko mendietan. Txakur handi bat zela zioten, ile hori koloreko tximak zituena. Aurkitutako lorratzak aztertu zituen Albaitako albaitariak, eta ziurtatu zuen benetan lehoiarenak zirela; antza, ondo ezagutzen zituen albaitariak ugaztun handiaren aztarnak, bolada batean Afrikan egona baitzen. Bizilagunen esanetan, abereak hil zituen lehoiak, eta herrietako jendea ez zen etxetik irtetera ausartzen. Haurrei ere ez zieten bakarrik irteten uzten. Jaiegunak aprobetxatuz hainbat uxaldi ere antolatu zituzten, lehoia harrapatzeko. Ehiztari asko bertaratu zen, eta autobusak antolatu zituzten Korrestik eta Obekuritik. Baina lehoiaz, ezertxo ere ez. Haren aztarnak baino ez ziren aurkitu. Garai horretan, Gasteiztik Lizarrarako errepidetik zirku bat igaro zenez, lehoiak bertatik ihes egin zuela zabaldu zen. Gaur, Izkiko lehoiaren kondaira baino ez da geratu.