⛅ EGURALDIA

Mendian geratuko da

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 10a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bihar eguerdira arte mantendu dute abisu horia elurragatik. Kota 500 eta 800 metro artean egongo dela diote meteorologoek, eta ez dute espero hiriburua zuritzea.

Ziurgabetasun ugarirekin etorri dira urteko lehen elurteari buruzko iragarpenak. Gaurkorako "elurra edo egur bustia" iragarri ditu Euskalmetek, batez ere goizean. Abisu horia emana dute elurragatik, 18:00etara arte. Elur-kota 500-800 metro inguruan kokatu dute. 600 metroan elur geruzaren lodiera 0 eta 4 zentimetro artean egon daiteke. 1.000 metroan, berriz, 2 eta 12 zentimetro arteko tarte zabala kalkulatu dute. Gainerakoan, haizeak hegotik egingo du ufa, arratsaldean ipar osagaia hartuko duen arren. Tenperaturak 1 eta 5 gradu artean egongo dira Gasteizen.

Informazio hau idazteko unean (08:30) Opakuan eta Herreran baino ez da katerik behar, baina Segurtasun Sailak arreta berezia eskatu du Altuben, Bernedon, Gasteizko Mendietan, Gatzagan, Kurtzetan, Urduñan eta Zaldiaranen.

Ostegunerako ere mantendu dute abisu horia, baina soilik eguerdira arte. Goizean, lanbroa iragarri dute, bai eta prezipitazioak izateko aukera ere. Ondoren, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Ipar haizea ibiliko da, eta tenperaturen tartea hiriburuan 0 eta 5 gradu artean mantenduko da.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago