Miren Vadillo Artearen Historiako doktorearen eta Ula Iruretagoiena arkitektoaren zuzendaritzapean, arte garaikidea eta arkitektura erlazionatzeko eta espazioa ulertzen laguntzeko moduetan murgiltzea proposatzen du Artium museoak eskainitako ikastaroak. 2024ko urtarrilaren 16tik aurrera, asteartero izango dira zortzi saioak. Izena emateko epea zabalik dago —online eta museoko leihatilan— eta programa osoa Artiumen webgunean kontsulta daiteke.
Ikastaroak proposatzen du aztertzea nola ulertzen duten itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi praktikek —arteak eta arkitekturak— espazioa zoruek, hormek eta sabaiek mugatutako edukiontzi bat baino zerbait gehiago dela. "Tenperaturak, testurak, tonalitateak, izaerak, historia-geruzek, funtzionaltasunak, politikak, gatazkak… bihurtzen dute espazioa intentzio eta sentsibilitateen transmisore", azaldu dute sustatzaileek. Bai arkitektoa eta bai artista espazio baten ezaugarriak irakurtzen eta atzematen trebatzen dira, eta beren proposamenekin, entitate materialak eta sentsorialak eraikitzen dituzte. Ikastaroaren helburua da espazioan eta hura osatzen duten objektu eta materialtasunetan inprimatuta geratzen den irakurketa hori argitzea.
Ikastaroak zortzi saio izango ditu, eta asteartero egingo dira, urtarrilaren 16tik martxoaren 19ra bitartean, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 27an izan ezik. Saio monografiko bakoitzak bi orduko iraupena izango du, eta ikastaroko gaietan espezialistak izango dira hizlariak. Irakasleen artean, zuzendariez gain, honako hauek daude: Virginia Lopez de Maturana, EHUko Historia Garaikideko doktorea eta irakasle agregatua; Ion Arregi artista eta Martin Ferran arkitektoa, Haiek kooperatibakoak; Garazi Ansa doktore eta EHUko Artearen Historiako irakasle laguntzailea; Onintza Etxebeste, irakasle, ikertzaile eta artista; Iskandar Rementeria musikaria; eta Estibaliz Sadaba artista eta Arte eta Ikerketako doktorea.
Ikastaroaren zortzigarren eta azken saioan, martxoaren 19an, ibilaldi bat egingo da Artiumen barruko eta kanpoko espazioetan, Miren Vadillorekin eta Ula Iruretagoienarekin elkarrizketa irekian. Biek ibilbidean aurkituko diren artelanei buruzko begirada artistiko eta arkitektonikoak kontrastatuko dituzte.