Zazpi karroza eta 300 lagun, Errege Magoekin batera

Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 17:25

12:15ean izango dira Goiuri jauregian. Argazkia: Gasteizko Udala

Ohi bezala, Gasteizen, tren geltokira helduko dira, 11:00etan; arratsaldean, 19:00etan abiatuko da kabalgata, Bilbo plazatik.

Olentzero eta Mari Domingiren ostean, Errege Magoen txanda izango da bihar. Gasteizen, 11:00etan helduko dira tren geltokira, eta han Araba Classic Club elkarteak utzitako hainbat ibilgailu klasikotara igoko dira. Errege magoen mezulariak, opariz betetako traktore bat, musika-banda bat eta Kervan Frantziako konpainiaren Mirage ikuskizuna izango dituzte alboan Dato kaletik Plaza Berriraino egingo duten ibilbidean. Han, errege magoek udaletxeko balkoi nagusitik agurra eskainiko diete hiriko neska-mutil guztiei, 11:20 inguruan.

Jarraian, haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian 12:15etik 18:00ak arte. Eta egunari amaiera emateko, 19:00etan erregeen kabalgata abiatuko da Bilboko plazatik. Handik, Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla eta Laskarai kaleak zeharkatuko ditu. Azkenik, Gasteiz hiribidea eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren arteko bidegurutzean bukatuko da. Iaz bezalaxe, ibilbidearen azken tartean, desfilearen bolumena jaitsiko dute autismoaren espektroko nahasmenduak eta entzumen-desgaitasuna dutenek desfileaz erosotasunez gozatzeko aukera izan dezaten. Autismoaren espektroko nahasmendua duten hiriko elkarteek egindako eskaria da hori.

300 partaide

Guztira, desfileak zazpi karroza izango ditu: lehen hirurak fantasiakoak izango dira, jarraian Errege Magoen hirurak iritsiko dira eta azkenekotik gozokiak jaurtiko dituzte. Gainera, errege magoekin batera sei antzerki eta musika talde egongo dira. Cadizetik iritsitako El Carromato taldeak Fantasia floral ikuskizuna aurkeztuko du; Kervan talde frantziarrak Mirage proposamena; Frantziatik iritsitako Caramatran konpainiak Electro frogs; bestalde, Teatro Per Casoren eskutik Italiatik iritsiko dira World of Gonder eta Moonlight; eta musika Portugaleko Kaustica musika-bandak eta Gasteizko Batuketa batukadako musika taldeak jarriko dute. Bertan izango dira, gainera, Afroamerikako elkartea, Kalez Kale proiektua, Abetxukoko Inauterietako Konpartsa Elkartea, Carpe Diem eta Serezade.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide