Ostiral hau egun hodeitsuen klubera apuntatuko zaigu. Egun osoan zaparradak bota ahalko ditu Gabonetan inork aipatzen ez duen zeruko ergatibo ahalguztidunak. Ipar-mendebaldean tematuta jarraituko du haizeak, eta batez ere egunaren lehen partean bolada gogorrak izan daitezke. Hiriburuan 7 eta 10 gradu arteko aldea egongo da termometroetan.
Giro honek segida izango du bihar goizean, baina, antza, arratsaldean hodeitza gutxituko da. Ipar haizea lasaiago ibiliko da, baina horrek ez gaitu hotzetik libratuko, 5 eta 9 gradu artean baino ez delako mugituko galinstanoa.
Gabon gau eguneko goizean lainoa agertu daiteke, baina, ondoren, zerua hodei gutxirekin geratuko da. Norabide aldakorreko haize ahula egongo da. Adi izan beharko zaio izotza sortzeko aukerari, 2 eta 10 gradu arteko aldeak espero baitira.
Astelehenerako Euskalmeten iragarpenik ez badago ere, AEMETen arabera bezperaren bidetik joango da Eguberri eguna: zerua hodei gutxirekin mantenduko da. Egun horretan ere errepidez mugitzen direnek tentuz erreparatu beharko diote izotzari, -1 eta 10 gradu arteko aldea egongo baita.