Nongoa naiz? Zein da nire identitatea kulturen gurutzaketa honetan? Ez naiz inongoa? Zer esan nahi du komunitate bateko kide izateak? Galdera hauei tiraka sortu du Raul Cerna Mendoza (Guadalajara, Mexiko, 1965) argazkilariak Bai, beltza naiz erakusketa, Gasteizko La Bodega del Arte galerian (Zapatari kalea, 7) ikusi ahal izango dena, ostiraletik aurrera.
Identitatearen gaiari heldu dio oraingoan Cernak argazkien bitartez, protagonistekin ikuslea interpelatu nahian. "Izen bat daukat, zein da zurea? Kendrith izan daiteke zure lankidea, bizilaguna, laguna, ezaguna, janaria behin baino gehiagotan etxera eraman dizuna, auzoko okina... denak izan daitezke edo bat ere ez. Eta zu... zu, nor zara?",
Mexikotik Euskal Herrira
Mexikon jaio, Chicagon hazi eta Euskal Herrian bizi da duela urte batzuetatik Raul Cerna. Pintura hartzen du adierazpide gisa, "mamuak uxatzeko", eta argazkigintza "mundua begiratzeko eta ulertzeko modua". Arte Ederrak ikasi zituen Columbia Collegen, Chicagoko Arte Eskolan, eta bere sormena islatzeko bidea ematen dion teknika bereganatu zuen. Argazkilaria da, eta batez ere kalekoa dela nabarmendu du, gainerakoei ihes egiten diena ikusteko gaitasun handikoa, irudiari ezaugarri oso pertsonala emanez.