Alde Zaharrean duen saskitik imajina ezin daitezkeen istorioak atera ditu Sonia Estevez (Gasteiz, 1978) sortzaileak. Plastilina, papera, kartoia, egurra, oihalkiak edota harearekin pertsonaiak eta dekoratuak eraiki, eta, fotogramaz fotograma, stop motion teknikaren bitartez garai bateko kutsua duen animazioa plazaratu du bertatik. Ibilbide luzean, besteak beste, Abiadura, Amonita Muskaria, Hoy es sólo para ti, Malkoak edo Txotxongiloa film laburrak aurkeztu ditu, Tik Tak Animation ekoiztetxearen eskutik azken urteetan, eta ipuin berrien bila jarraitzen du, "plazeraren" atzetik hurrengo filmerako.
Atsedenerako tarterik gabe azken aldian, ezta?
Egun hauetan bai, gauza asko ditut esku artean. Malkoak eta Txotxongilo laburren emanaldiak elkartu zaizkit, eta jaialdi eta emanaldi batetik bestera nabil, baina oso pozik.
Eta Goya sari bat ere gertu, akaso.
Egia esan, ez dut larregi pentsatzen horretan, oso zaila delako. Kalitate handiko laburrak izango dira lehian, eta Tik Tak-en lehena izango da hau; industrian ez naiz ezaguna, eta promozioa egitea ez da batere erraza. Halere, oso pozik nago Txotxongilo heldu den lekuetara helduta eta sortu dituen eztabaidekin. Emakumearen askatasunaren inguruan gogoeta egiten du laburrak, eta hainbat solasaldi izan ditugu horren kontura. Izan ere, jaialdiez harago, debatea egin ahal izatea da gure helburuetako bat; Txotxongilo-k ez du oso egitura formalik, debaterako erreminta izatea nahi genuelako.
Nolatan gerturatu zinen animaziora? Oker ez banago, basogintza ikasi zenuen...
Eta Ingurugiro Kimika ostean. Hamabost urte nituenetik egin dut lan zenbait fabrikatan, udal liburutegietan... eta lan gabe geratu nintzenean beste gauza bat probatzeko aukera izan nuen. Eskulanak egitea eta gauzak eraikitzea gustatzen zait, baina gazteagotan ez nuen aukera ekonomikorik izan ikasketa artistikoago bat egiteko, eta Arte eta Lanbide eskolan eman nuen izena orduan. Hantxe deskubritu nuen gauzak mugi zitezkeela, eta stop motion teknika ezagutu nuen; eraikitzen duzun hori mugiaraztea ikaragarria iruditu zitzaidan, itzela.
Zer eskaintzen dizu teknika horrek?
Niretzat oso berezia da, eta uste dut berpizten ari dela zinegileen artean. Gustatzen zait irudia ikutu daitekeelako, benetakoa delako. Nire lanean gustatzen zait proiektu bakoitza oso desberdina dela, eta oso modu desberdinean egin behar zaiola aurre. Gure kasuan, iragarki asko egiten ditugu, eta oso ondo funtzionatzen dute. Gustuko dut publizitatea, ideia arin bat, askotan hamabost egunetan produzitu beharreko lana. Lan desberdinen artean, La Pulga dantzariarekin batera saio berezi bat ere egin dut, flamenkoa eta animazioa batzen dituen ikuskizuna; harearekin sortutako animazioa erabiltzen dut horretan, uste dut flamenkoarekin bat datorrela harea.
Nondik hasi halako film labur batean?
Lehenik eta behin, ideia bat izan behar duzu. Niri asko kostatzen zait idaztea, oso bisuala naiz, eta ideiak marrazkien bidez ateratzen ditut. Hori izandakoan, gidoilariarekin elkartzen naiz, Javi Fernandezekin, elkarrekin osatzeko. Txotxongiloa laburrean, emakumeok izaten dugun zama gehiegizkoari buruz gogoeta egin nahi nuen, nire ama eta amonari eskainia. Rafael Sanchez Ferlosioren aforismo bati tiraka, txotxongiloa mugitzen duten hari kopurua eta askatasunaren arteko hausnarketa egiten du, eta emakumeok hartzen ditugun lanekin alderatu nahi nuen; askatasuna dugu horretarako, eta beharrezkoa da, baina askotan ez ditugu beste lan batzuk askatzen, eta soka gehiegi pilatzen dira. Kapitalismoaren kritika bat ere badago, eszena batzuk mekanikoak direlako, eta hari horiek mugitzen dituenari buruzko galdera egin nahi du.
Pertsonaiak sortzeko lana dator ostean?
Gidoia gauza bizia da, denbora luzez izaten dugu bueltaka. Gero hasten da pertsonaien eta dekoratuen diseinuaren prozesua, eta gidoia planoetara pasatzeko storyboard-a. Preprodukzio lanak handiak izaten dira; komeni da horretan inbertitzea, gero animazioan aldaketak egiten ibiltzea baino. Ostean, animazio eta argiztapen prozesua dator, beharbada luzeena, eta azkenik postprodukzioa eta efektu bisualak.
"Harrobia aurkitzea kostatzen zait, ez da erraza profesionalak topatzea"
Denetariko materialak dituzu txoko honetan...
Proiektuaren arabera, material desberdinak erabiltzen ditut. Iraunkortasunaren mundutik natorrenez, asko gustatzen zait materialak berrerabiliz gauzak egitea. Baina askotan istorioak esaten dizu zer behar duen; oraintxe bertan plastilinarekin egiten ari naiz labur bat, eta ez naiz bereziki plastilina zalea ere, baina eszena batetik bestera pasatzeko moduak elementu malgu bat behar zuen transformazioa egin ahal izateko.
Film luze baterako jauzia egitea pentsatu duzu?
Animazioa oso prozesu luzea da. Hirugarren film laburrarekin ari naiz orain, eta uste dut produkzioan gerta daitezkeen arazo guztiei aurre egiteko gaitasuna dudala, halere, ez daukat istorio bat orain pelikula luze batekin defendatzeko benetako gogorik; nire buruak formatu laburragoan pentsatzen duela uste dut, eta beharbada seriea egokiagoa izan daiteke. Bestalde, ia hiru urte izan dira finantziazioa lortzeko eta bi proiektua aurrera eramateko, prozesu oso luzea da, eta beraz...
Animazioa aipatzean, zer datorkizu gogora? Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Niri Adam Ellioten Mary and Max gustatzen zait, esate baterako. Nire formakuntza Aardman animazio estudioarekin izan da, Wallace and Gromit pelikula ezagunaren egileekin, baina Laika estudioak kontatzen dituen istorioak ere asko gustatzen zaizkit, Kubo and The Two Strings adibidez. Guillermo del Tororen Pinocchio ere zoragarria iruditu zait... Egia esan, Guillermo del Tororen lan guztiak gustatzen zaizkit, Mexikon sortu duen eskola eta ekoiztetxea izugarria da, eta egiten duen sorkuntzaren defentsa ere interesgarria iruditzen zait, ez bakarrik stop motion-aren alde, eskulan sorkuntzaren alde; izan ere, adimen artifizialak beharbada alde batera du pertsona askotan.
Detaile txiki asko kontuan izan behar dira?
Animazioa orokorrean sekulako lana da. Stop motion teknikan dekoratuak eraiki eta animatzeko lana da eskulan handiena behar duena, xehetasun ugari kontuan dituena, baina gainontzeko prozesua beste animazio baten antzerakoa da.
Perfekzionista zara?
Bai, oso perfekzionista, gehiegi beharbada, eta nire kalterako ere izan da askotan. Stop motion animazioan, halere, inperfekzioa gustatzen zait, inperfekzio txikiek sinesgarriago egiten dute niretzat animazioa; digitala dela sumatzen dudanean kostatu egiten zait, ez zait horren sinesgarri egiten. Teknika honetako animatzaileak oso baloratuta daude sektorean, ez dutelako Ctrl Z egiteko aukerarik, zuzeneko animazioa da, ezin da berregin, ezin duzu fotograma bat erdian sartu 2Dan egiten den moduan.
Nola egiten du lan animatzaileak? Nola transmititu panpinari behar duena?
Nire kasuan, nik dena egin behar dut aurretik nire gorputzean. Azken batean aktoreak gara, panpin bati transmititzen ari garenak. Pertsonaiaren animoaren arabera gorputz mugimendu bat izango du eta emozio desberdin bat; harro badago, pozik, gorputza aldatu egiten da. Eta hori argazkiz argazki lortu behar duzu. Nire kasuan, neure gorputzean egiten saiatzen naiz lehenago. Eta mugimendu guztiak ere ez ditut ezagutzen, eta hori ikertu egin behar da; marmoka bat animatu behar badut, nola mugitzen den ikasi behar dut.
Animazioaren industriarik ba al dago Araban?
Gutxi. Eta zaila da bakarrik zaudenean. Azken bi urteetan Idearte diseinu eskolan egiten ari diren animazio moduloko ikasleek hemen egin dituzte praktikak, baina harrobia aurkitzea kostatzen zait, ez da erraza profesionalak topatzea. Araban talentu asko dago, baina joan egiten dira. Eta nik ere izango nuke aukera horretarako, eta animazio lanak esfortzu askoz gutxiagorekin egingo nituzke ziurrenik, baina hemen bizi nahi dut. Egia da animazioa estudio batean egiten dela, baina osagarria den industria bat topatzen ez baduzu inguruan zaila da, sare hori falta zaizu.