Kuartangoko bigarren Landa Kedada Handian bere ibilbide musikalaren errepasoa egin du Afrika Bibang soul musikariak (Algorta, 1975). Etsaiak taldearekin jo duelako edo Fermin Muguruzaren bandarekin ibili delako ezaguna da bizkaitarra gurean, baina soul musikan ere erreferente bilakatu da. "Euskal Herrian soul musika ez da asko lantzen. Gaitza da", aitortu dio ALEAri.
Zer eskaintzen du Afrika Bibangek kontzertuetan?
Soula edo neosoula da nik egiten dudan musika, musika beltza, erritmo beltzak, dantzatzekoak, baina aldi berean mezua duten kantak dira, emakumeei zuzenduak, iraultza kantak, gaur egungo mundu digitalizatuaren eta sare sozialen aurrean iraultza kantak.
Gustuko duzuna egiten duzu; zer transmititu nahi duzu musikarekin?
Nire sentimenduak, nire pentsakera, nire erritmoa, nire kultura musikala transmititu nahi ditut. Euskaraz egiten ditut erronka pertsonal bezala, erakusteko beste erritmo batzuk ere transmititu daitezkeela euskaraz, ez bakarrik folklorea edo rocka.
Euskal Herria ez da soul herria?
Ez. Soul kulturarik ez dago. Euskal Herrian eta estatu mailan soul musika ez da asko lantzen. Oso gaitza da soula zabaltzea.
Halere, garapenik ikusi al duzu azken urteetan?
Ikusi dut, baina beste estiloetan, soul musikan ez, talde gutxi daude, bizpahiru, eta oraindino asko falta da.
Zergatik gabezia hori?
Esango nuke tradizioagatik eta kulturagatik dela. Beste musika estilo batzuk lantzeko eta entzuteko kultura handiagoa dago, folklorikoa, bluesa, jazza, rocka, baita punka ere, eta orain reggaetoia a saco sartu da toki guztietan. Baina hemendik ateratzen zarenean, Londresen edo Frantzian soul gehiago aurkitzen duzu.
Hamalau urtez ibili zara munduan zehar bidaiatzen. Esperientzia aberasgarria izan da?
Oso aberasgarria, oso indartsu itzuli naiz etxera.
Zer narbarmenduko zenuke esperientza horretatik?
Konturatu naiz eszenatokian libre sentitzen naizela, eta musikak ematen didala boterea, lasaitasuna, problemak ahazten ditudala non nagoen axola gabe. Konturatu nintzen ere denak berdinak garela, eta kulturaz edo hizkeraz edo koloreaz aparte, denok ditugula sentimendu eta beldur berdinak, eta pentsatzen duguna baino hurbilago gaudela. Gizakiak gara, denok gara berdinak, eta hori pentsatzeak oso ondo sentiarazten dit.
Kostatu zitzaizun bueltan Euskal Herriko girora egokitzea?
Gogorra izan zen, bai. Ariketa bat egin behar izan dut, gauzak ez dira aldatu nik nahi nuen moduan, baina lasai hartu dut eta aurrera jarraitu. Nomadak diskoa sortu nuen, pixka bat nomada sentitzen nintzelako; toki guztietakoa naizela sentitzen dut.
Jatorriak, koloreak, zeharo markatu du zure musika?
Erritmo beltzak egiten ditut, Afrikatik nator, Afrika naiz... Argi dago baietz.
Euskaraz abesten zuen lehen emakume beltza zinela esan izan duzu. Erreferente gehiago daude gaur?
1995ean hasi nintzen ni musikan, eta urte horietan ez zegoen beltzik euskaraz abesten, ez zegoen emakume beltzik euskaraz abesten, eta horregatik uste dut erreferentea izan naizela. Egia da, egun gero eta gehiago dagoela, baina nik ez ditut ikusten euskaraz abesten, beltzak edo latinoak erdaraz abesten ikusten ditut, baina eszenatokian, ni ibiltzen naizen moduan, euskaraz abesten, ez ditut topatu inon ere.
Bilbon jaio eta Algortan bizi zara, baina txikitan ez zenuen aukera izan eskolan euskara ikasteko. Zergatik sortu zitzaizun euskara ikasteko grina?
Lagunak ikastolara joaten ziren, eta behin entzun nuen ikastolaren kanpoan nola hitz egiten zuten haien artean, eta esan nuen, zer guapoa! Ez nekien euskara zela bizitzeko beste modu bat; niretzat euskara ikasgai bat zen bakarrik, eta momentu hartan esan nuen: hau ikasi nahi dut. Joan nintzen AEK-ko euskaltegira, egin nuen ikastaro trinko bat, eta hasi nintzen giro euskaldun batean murgiltzen; ondoren, Etsaiak taldearekin Lekeitiora joan nintzen, eta Lekeition euskaraz hitz egiten duzu edo... Eta esan nuen: hau da neuria!
Zer hizkuntzan sortzen eta abesten dituzu kantak, euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz…?
Nik normalean entzuten dudan musika ingelesez dago, orduan ideiak normalean ingelesez etortzen zaizkit, eta gero euskaratu egiten ditut. Kanta batzuk euskaraz ateratzen zaizkit, baina oso gutxi, normalean gaztelaniaz edo ingelesez ateratzen zaizkit, eta euskarara itzultzen ditut. Beraz, kanta gehienak euskaraz edo ingelesez ditut, gaztelaniaz kanta bakar bat egin dut, duela hamar bat urte, flamenko fusio talde batean egon nintzenean.
Familiatik datorkizu musikarekin lotura?
Nire amamak nahiko ondo abesten zuen, eta gurasoak musika zaleak dira, baina ez dira musikariak. Dena den, Afrikatik nator, eta bertan beti dago musika, nire ama beti zegoen abesten, kantatzen, inguruan musika izan dut beti, osaba-izebak etortzen zirenean jaiak egiten genituen etxean, eta beti oso lotuta egon gara musikarekin. Uste dut beltzok oso lotuta gaudela musikarekin eta erritmoarekin.
Zeintzuk dira zure erreferenteak ?
Stevie Wonder, The Jackson 5, Sade, Ella Fitzgerald, jazza asko gustatzen zait, hip-hopa, Amerikako Estatu Batuetatik etortzen diren taldeak entzun izan ditut beti.
Nazioarteko esperientziaz gainera, ibilbide musikal luzea egin duzu Euskal Herrian.
Santutxuko reggae talde bategaz hasi nintzen, Ke no Falte taldeagaz; ondoren, Etsaiak taldearekin jo nuen zortzi urtez, eta kolaborazioak egin nituen gero Fermin Muguruzarekin, Gontzal Mendibilekin eta hainbat artistarekin. Gero, Bartzelonara bizitzera joan nintzen, eta hor Calima flamenko fusioa egiten zuen talde bategaz egon nintzen, eta hortik beste hirukote bat atera zen: The Johnny Freelance Experience. Talde horrekin zeharkatu genuen mundua, Japonia, Ibiza, Mexiko, Tailandia, Txina, Londres; soula egiten genuen, elektronikoagoa eta ingelesez. Itzuli nintzen Euskal Herria ostera, eta esan nuen: benga, goazen hau pixka bat mugitzera, kar-kar-kar.
Ezaguna da zure musika gurean?
Sarritan ezagunagoa naiz, adibidez, Muguruzarekin abestegatik baina nire beharra egin dut.
Zama handia da itzal hori?
Ez. Ez. Ez naiz inoiz damutuko. Pozik nago egindako lanagatik, eta hemen nago egin dudan lanagatik. Bidearen parte bat.
Ekarpenik egin nahiko zenioke euskal musikari? Zer ekarpen?
Ez dakit neuk bez. Nik musika egiten dudanean ez dut pentsatzen egiten dudan ez dakit zer lortzeko; egiten dut maite dudalako, gustatzen zaidalako eta barruan dudana atera nahi dudalako, eta listo; etortzen dena etorriko da, ona bada hobeto.