Helduentzako euskarazko filmeak eskaintzen dituen Zinez zikloak udazkeneko denboraldiari agur esateko azkeneko saioa antolatu dute ostegun honetan, hilaren 21ean. Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen semea pelikula ikusi, eta ostean Bernardo Atxaga idazlearekin hitz egiteko tartea izango da; 19:00etan, Florida zinemetan.
Arabako Aldundia eta Vital Fundazioaren babesarekin, Florida zinemek eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako euskarazko filmen azkeneko saioa izango da aurten, baina 2024an ere izango du jarraipenik. Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro izango da, urtarrilaren 12an; estreinaldi sozial honek solasaldi berezi baten bidez hausnartzea du helburu, hori dela eta, Euskal Herri osoan egun berdinean proiektatu eta aurkeztuko dute.
"Euskal Herrian euskaraz eginiko adierazpide artistikoak, beste herrialde zein zonaldetan egindakoak bezain oparoak dira eta horri eutsi nahi diogu, euskal zinema eta euskal sorkuntzak aurrera ateratzeko eta merezi duten kokalekua ezartzeko proiektua izaki", nabarmendu dute sustatzaileek. Honez gain, hizkuntza aktibazioari dagokionez, interesgarria da zikloa ikus-entzuleekin solasaldi bat bideratzen baita, "parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko, eta kasu honetan, Bernardo Atxaga izango dugu Florida zinemetan, literatura eta zinemaren arteko zubiaz hitz egiten". Zikloak oso harrera eta balorazio ona izan du orain arte, GEU elkartetik azaldu dutenez, eta hori dela eta, Arabako lurraldera hedatu dute zikloa, Gorbeialdean eta Mendialdean bi saio antolatuta.