Martxan da 2024ko Euskarabentura espedizioan izena emateko aukera

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 19:00

2007 eta 2008 urteetan jaiotako gazteek martxoaren 8ra arteko epea dute Euskarabentura espedizioaren 2024ko ediziorako hautagaitzak bidaltzeko epea. 125 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute uztailaren 1etik 31ra.

Euskarabentura espedizioaren zazpigarren edizioak abenduaren 1ean ireki zuen 2024ko edizioan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko epea, eta martxoaren 8ra arte izango da zabalik.

2007 eta 2008 urteetan jaiotako Euskal Herriko zein diasporako gazte euskaldun orok (15, 16 eta 17 urte) du aukera, hautagaitza gisa, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat bidaltzeko. Horrez gain, 2006 eta 2009 urteetan jaiotakoek ere aukera izango dute parte hartzeko, baina soilik Lapurdi, Behe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira.

Ondoren, 2024ko uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatuko duten 125 gazteak hautatuko dituzte Euskarabenturako antolatzaileek. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 24an argitaratuko dute parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda. Espedizioko taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira: alde batetik, proiektuaren balorazioa; eta bestetik, gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa ere.

Aurten, gazteek hiru gai dituzte aukeran hautagaitzarako banakako proiektua sortzeko:

  • Euskara batua eta euskalkiak. Euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?
  • Emakumea eta kirola. Egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori?
  • Utopia. Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?

Era berean, lanak aurkezteko sei formatu izango dira aukeran: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak.

Ikerketa

EuskarAbentura Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak lagunduta aurrera daraman lau urteko ikerketaren azken atala burutuko dute aurten. Ikerketaren helburua da neurtzea espedizioak daukan gaitasuna parte hartzen duten gazteen euskararen erabileran eragiteko. Amaitutakoan, 2025ean, 2021etik jasotako datuen emaitzak argitaratuko ditu elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide