"Lehen sektorea ez dago salgai", ohartarazi du UAGAk Solaria aurrean

Erredakzioa 2023ko abenduaren 14a

Kontzentrazioa egin dute UAGAko nekazariek gaur Solaria aurrean. UAGA

Lur emankorretan parke fotovoltaikoen hedapenak herrialdearen etorkizun ekonomikoa eta ekologikoa kolokan jartzen duela salatu du UAGAk.

UAGAk elkarretaratzea egin du goizean Solaria enpresaren aurrean, Miñaoko parke teknologikoan. Herrialdean jarduten duten enpresa fotovoltaikoei, haien bitartekariei, eta inbertsio funtsei ohartarazi diete nekazaritza sektorea "ez dagoela salgai". Azken hilabeteetan, enpresa hauek merkataritza politika "harraparia" gauzatzen ari direla berretsi du UAGAk; eta azpimarratu du diru kopuru handiak eskaintzen ari direla lurrak erosteko. "Nekazaritzako lursailen jabeei presioa ere egiten diete, beren finkak saldu edo alokatu ditzaten plaka fotovoltaikoak instalatzeko".

Jazarpen hori ez duela onartuko azpimarratu du sindikatuak, eta lehen sektoreko profesionalek nekazari izaten jarraitu nahi dutela adierazi dute. "Nekazal lurra gure bizimodua da. Nekazari izaten jarraitu nahi dugu, lurra landu eta sektoreak etorkizuna izaten jarrai dezan, hurrengo belaunaldientzako lanbide duina izateko".

Ehunka hektarea okupaturik

Hala ere, aitortu dute gero eta zailagoa dela nekazaritzan aritzea. "Iragarritako eguzki parke guztien artean bostehun hektareatik gora nekazaritza azalera okupatuko dute. Azalera horri AHTaren ibilbiderako konprometituta dagoen espazioa gehitu beharko litzaioke, baita Arabako Mendialdeko eta Arabako Errioxako parke eolikoen proiektuek hartuko dutena ere (Azazeta, Laminoria, Labraza); eta energia enpresak aztertzen ari diren beste eremu batzuk: Mendoza-Foronda, Ozio edo Bergantzu".

Proiektu horiek guztiek ekarriko duten nekazaritza lurren okupazioaren batera, espekulazioaren presioa esponentzialki igotzen ari dela salatu du UAGAk, eta horrek  ondorio larriak izango dituela esan dute nekazariek.  "Lurraren prezioak gora egin duenez, zailagoa da ustiategien bideragarritasuna bermatzea, eta ezinezkoa da nekazari berriak instalatzea. Nekazaritzako lanpostuen suntsiketa masibo baten aurrean gaude", ziurtatu du sindikatuak.

Hala, lur emankorretan parke fotovoltaikoen hedapenak etorkizunean Araban elikagaiak ekoizteko gaitasuna arriskuan jar lezakeela ohartarazi du sindikatuak. Bestalde, gogoratu du nekazaritza lurrak elikagaiak sortzeko ezinbestekoa izateaz gain, berebiziko garrantzia duela biodibertsitatearen kontserbazioan eta baliabide naturalen kudeaketa iraunkorrean.

UAGAk energia berriztagarrien zabalpen "iraunkorrago baten alde" egiten duela adierazi du. "Beste aukera batzuk aztertu behar dira, hala nola nekazaritzakoak ez diren lurretan, eraikinetako sabaietan edo industrialde eremuetan eguzki sistemak instalatzea, nekazaritza lurrak erabili aurretik", esan dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago