Atzo arratsaldean hasitako giroa bere horretan mantenduko da gaurkoan ere, zerua oso hodeitsu geratuko baita, eta zaparradak egongo direlako. Euria egiteko probabilitatea %100 da, AEMETen arabera. Goizean elur kota 1200 metroan geratuko da, baina 1500 metrora igoko da arratsalderako. Ipar mendebaldetik joko du Eolok, bolada gogorekin. Tenperaturak 6 eta 9 gradu artean egongo dira Gasteizen.
Agertoki berdina izango dugu ostiral goizean ere. Arratsalde parterako, ordea, Euskalmetek hodeiak eta ostarteak egongo direla dio. AEMETen arabera, tarte horretan oraindik zerua estalita egongo da. Haizea ipar osagaian tematuko da, eta termometroek pixka bat gorago egingo dute, eguneko tartea 7 eta 12 gradu artean geratuz.