Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent musika txapelketaren bederatzigarren edizioa amaitu da jada. Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin, urtero Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteentzako plaza eskaintzen du, eta aurten ere hala izan da.
Sei talde iritsi ziren finalera, eta beren lanak jendaurrean aurkeztu zituzten abenduaren 4an eta 5ean, Jimmy Jazz aretoan, 30 minutu inguruko errepertorioa eskainiz. Urtero bezala, adinaren araberako bi kategoria izan dira jokoan:
- Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat: Annekdotas, Engandina eta Scusi Boys.
- Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat: Kitzika, Mehatxu eta Mirotz.
Sariak
Talde finalista guztiek 200 euroko saria jaso dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izan dira aurtengo sari nagusiak:
- Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro: Mehatxu.
- Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro: Annekdotas.
- Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: Kitzika. 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian).
- Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: Mirotz. 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera.
IRABAZLEAK
Mehatxu
Gazte Talent Saria
Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.
Mehatxu Gasteizen errotutako metal taldea da, Aitzolek, Anderrek eta Pablok osatzen dutena. Hiruretako bik, elkarrekin bizitzen ari zirela, egunerokotasunean konpartitzen zituzten influentzia, kezka eta grinetan oinarrituta ernaltzen hasi zen proiektua. Denbora apur baten ostean, lagun duten hirugarren kideari ideia planteatu ziotenean hartu zuen taldeak egun daukan forma. Duela urte eta erdi ekin zioten abestiak konposatzeari, eta horretan dihardu taldeak.
Annekdotas
Gazte Talent Laboral Kutxa Saria
Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.
Anne Rodriguez pandemia aurretik hasi zen Annekdotas bakarkako proiektuarekin. Hiriko musika ekoizten du, rap musika oinarri hartuta, baina reggaeton, dembow edo trap eraginak ere nabarmentzen dira. Horrela, pixkanaka baino azkarrago, Annek bere lekua eta bere jendea lortzen ari da, berak nahi duen eszenan. Bere letretan gaurkotasuneko gaiak eta esperientzia pertsonalak dira nagusi, oraindik ere ahotsa jarri behar zaien errealitate gordin batzuk salatuz, euskaraz zein gaztelaniaz. Musika ekoizten ikasi zuen Midi teklatu batekin eta Cubase programarekin. Modu autodidaktikoan sortu zituen bere lehenengo instrumentalak, ondoren haien gainean abestu eta nahi dituen soinuak bilatu ahal izateko.
Kitzika
Accésit Emakumeak Saria
500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian).
Kitzika 2020an sortutako talde irundarra da, neska eta mutil gazteez osatutakoa. Rock musikaren bueltan ibiltzen diren doinu mugituak zein lasaiak jorratzen dituen taldea da, nahiz eta Laboa is dead eta Gasteizko kaleak abestiekin genero desberdinak jorratu. 2021. urtean, Patos eta Vetusto lehen abestiak kaleratu zituzten. Gero, 2022an, Adreilua argitaratu zuten, hiru abestiz osatutako EPa; eta ondoren, Gasteizko kaleak singlea. Geroztik abestiak sortzen dabiltza.
Mirotz
Accésit Euskara Saria
500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera.
Mirotz 17 eta 20 urteko hiru gazte dira, eta rock alternatiboa egiten dute. Soinuak nahasten eta nahi duten soinua lortzen saiatzen dira. Bi anaik, Markelek (bateria) eta Aritzek (gitarra eta ahotsa), eta Martinek (baxua) osatzen dute taldea. Bi hilabete baino ez daramatzate elkarrekin musika egiten, baina denbora gutxian aurrerapauso ugari lortu dituzte.