Gurea Geroa

Zeintzuk dira gazteen proposamenak etxebizitzaren egoera hobetzeko?

Erredakzioa 2023ko abe. 7a, 13:00

Txostena legebiltzarkideekin elkarbanatu dute Hibridalab aretoan. Argazkia: Gurea Geroa

Etxebizitzaren egoeraren inguruan egindako makro-inkestaren emaitzak aurkeztu ditu Gurea Geroa plataformak. 6.000 gazteren iritziak jasota, alokairu soziala, diru-laguntzak eta pisua bilatzeko plataforma bat izan dira proposamen nagusiak.

Osoigo enpresa teknologikoak kudeatutako Gurea Geroa plataformak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 6.000 gazteren proposamenak, iritziak eta kezkak jaso ditu azken hilabeteetan, etxebizitzaren egoeraren inguruko makro-inkesta batean, Laboral Kutxaren babesarekin eta euskal unibertsitateen laguntzarekin. Prozesu parte-hartzailearen emaitzak txosten batean bildu eta azaroaren 28an aurkeztu zituzten Gasteizen, Hibridalab espazioan, Miguel de Unamuno hiribideko 1. zenbakian, EHUren Gasteizko Campusean.

Zein dira gazteen proposamenak egoera hobetzeko? izenburupean, txostenaren ondorio nagusiak aurkezteaz gain, ekitaldian zehar gazteek landutako proposamenak aurkeztuko zizkieten Eusko Legebiltzarreko alderdi guztietako sei ordezkariri. Bertan izan ziren Maitane Ipiñazar (EAJ), Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu), Maria Jesus San Jose (PSE-EE), Iñigo Martinez Zaton (Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU) eta Muriel Larrea (PP), eta proposamenen inguruan eztabaidatu zuten.

"Euskal herritarron kezkak aztertzen dituzten barometro guztietan azaldu ohi da gazteek etxebizitzaren aurrean duten egoera kezka nagusietako bat bezala", azpimarratu du Gurea Geroa plataformak. Egitate horretatik abiatuta, galdetegi digital bat erabili dute ahalik eta iritzi gehien jasotzeko asmoz, bai eta proposamen zehatzak jasotzeko helburuarekin ere: 6.000 gaztek parte hartu dute, eta 100 proposamen baino gehiago jaso dituzte.

Aurkezpenaren ostean, Gurea Geroa plataformak ondutako txostena gureageroa.eus webgunean irakurri eta deskargatu daiteke.

Emantzipatzeko ezintasuna

Txostenaren ondorio nagusietako bat da inkestatutako gazteen %86ak ezin duela emantzipatu "gaitasun ekonomiko ezarengatik", Laura Olabarria proiektuaren koordinatzaileak aurkezpenean azaldu duenez.

Egoera horren aurrean, aurkezpen saioan gazteen hitza ordezkatu dute Rosa Atorrasagasti, Itsaso Bolinga, Patricia Uribe eta Aiora Iturmendik. Proposamenen artean daude, besteak beste, alokairu sozialak bultzatzea, gazteei zuzendutako diru-laguntza programa gehiago eskaintzea, eta ikasleen artean pisua bilatzeko plataforma bat martxan jartzea.

TXOSTENA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!