Dendetan eta tabernetan euskaraz aritzea bultzatuko dute

Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 09:00
Kanpainaren aurkezpena, Montehermoso Jauregian. Argazkia: Gasteizko Udala

Arabako zortzi herrik bat egin dute 131 udalerritan martxan jarriko den Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpainarekin, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.

Laugarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina abiatuko du berriz ere, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatu eta erabiltzaileak sentsibilizatzeko. Abenduan hasiko den kanpainak helburu bikoitza du: alde batetik, herritarrak eta kontsumitzaileak aktibatzea erosteko zein kontsumitzeko unean euskara erabil dezaten; bestetik, merkatari eta ostalariak gonbidatzea euskaraz gerturatzen zaizkion herritarrei euskaraz keinu egitera.

Aurtengo kanpainak, gainera, bat egingo du ekainean Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetzan martxan jarritako Euskaraz Barra-Barra marka berriarekin (e//), estres linguistikorik gabe euskaraz aritzeko aukera ematen duten guneak identifikatzeko helburuarekin.

Kanpainaren laugarren edizioa Gasteizko Montehermoso Jauregian aurkeztu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek, EUDEL eta UEMA erakundeekin eta hainbat udal, mankomunitate eta kuadrillarekin batera. Bertan izan dira, besteak beste, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Gasteizko Euskara zinegotzi Maria Nanclares, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatu Jone Berriozabal eta Aenkomer eta Gasteiz On merkataritza elkarteetako ordezkariak.

Guztira, EAEko 131 udalerritan garatuko dute kanpaina; tartean, Arabako zortzitan:

  • Gasteiz
  • Aiaraldeko Kuadrilla:
    • Aiara
    • Artziniega
    • Okondo

  • Gorbeialdeko Kuadrilla:
    • Aramaio
    • Urkabustaiz
    • Zuia
    • Zigoitia

"Araba euskaldunago bat"

"Hemen gauden erakunde eta elkarte guztiok norabide berean egiten dugu arraun, helburu berarekin: bezeroak eta merkatariak konektatzea, harremanak euskaraz izan ditzaten. Bai ostalaritzako edo merkataritzako negozio batean sartzen diren pertsonek, bai arreta ematen dutenek, hasieratik euskaraz hitz egiteko beldurra galtzea", aldarrikatu du Maria Nanclares zinegotziak.

Bere aldetik, Jone Berriozabal Arabako Euskara diputatuak "sektoreak azken urteetan egindako ahalegina" azpimarratu du: "Araba euskaldunago batean, bertako enpresak gizarteak berak planteatutako aldarrikapenak gogoan hartzen hasi ziren, eskaintzen zituzten produktu eta zerbitzuei euskararen balioa erantsiz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide