Arabako Foru Aldundiak Iruña Veleiako Gida Arkeologikoa aurkeztu du gaur. Gida horrekin, "aztarnategia bisitatu nahi duten pertsonek ikuspegi bakoitzaren atzean ezkutatzen diren istorioak" ezagutu ditzatela lortu nahi dutela azaldu du Ana del Val Kultura diputatuak.
Del Valek gogora ekarri du "30 urte baino gehiago" igaro direla Iruña Veleiari buruzko azken gida ofiziala argitaratu zenetik. "Horregatik, beharrezkoa zen azken hamarkada hauetan egindako ikerketen emaitzak publiko orokorrari ezagutaraztea", erantsi du.
Gidaren egitura aztarnategian dauden hamasei "interesgune nagusien banaketarekin" bat dator. Diputatuak azaldu duenez, beste atal batzuk ere gehitu dituzte, "bisitariak garai historiko nagusiak ezagutu ditzan, eta arkeologia gune garrantzitsu honetan ikerketen garapena nolakoa izan den jakin dezan".
Gaurko aurkezpenaz baliatu dira aztarnategiaren irudi korporatibo berria aurkezteko. Imagotipoa eraikitzeko, erromatar zibilizazioaren ezaugarrietara jo dute. Hala, irudia egiteko Pompeia Valentinaren domusaren lau petaloko lore mosaikoaz baliatu dira. Logotipoari dagokionez, harrietan idazkiak egiteko erabili ohi ziren glifo erromatarren antza duen tipografia batera jo dute. Koloreetarako, urdin berdexka eta teila matea aukeratu dituzte. Labox marketin agentziaren esku egon da identitate bisuala berritzea.