"Ahotsa euskarari", Euskararen Eguneko adierazpenean

Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 14:31
Udal alderdietako ordezkariek egin dute irakurketa. Argazkia: Gasteizko Udala.

Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpen onenen sari banaketa egin dute, adierazpena irakurtzearekin batera.

Gasteizko Udaleko talde politikoek gaur egin dute Euskararen Nazioarteko Eguna (abenduak 3) dela eta prestatutako erakunde mailako adierazpenaren irakurketa:

"Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri Gasteizko euskal hiztunok, bereziki Euskararen Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

Gasteizen, garrantzi betekoak izaten jarraitzen dute, ezinbestekoak, euskararen erabileraren aldeko ekimen kolektibo presentzialek, jendetsuek, kale girokoek; ezinbestekoak diren bezala euskara ardatz duen elebitasun orekatua gauzatzen jarraitzeko lankidetza pribatu-publiko harmonikotik datozen ekimen eraginkorrak oro.

Baina digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta hiriaren garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da Gasteizera.

Algoritmoak ausazkotasunarekin lotzen ditugu sarritan eta adimen artifiziala gure kontrol eremutik at dagoen esparru batekin. Baina teknologia aurreratu honen guztiaren muinean, gizakiak etengabe elikatutako tripak daude. Makinen autonomia gero eta handiagoa izanik ere, autonomia hori era batera edo bestera elikatu eta bideratu daiteke. Bada, elikatze horretan dugu gasteiztarrok etorkizun hurbilerako erronka, bai erakundeen aldetik baita norbanakoen aldetik ere.

Sortuko diren tresna, aplikazio, gailu… berriek Gasteizko hiztun komunitatearen eta gure euskararen muina behar dute erraietan. Horretarako, ahotsa, hizkera, hizkuntza ezagutza, aldaera, estiloa, berezitasuna, esakera edo idazkera etorkizuneko tresnen elikagai bilakatu behar ditugu.

Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta hiri gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.

Oparo bueltatuko digu-eta gure oraingo ahaleginaren mozkina, modu ezin praktikoagoan bueltatu ere: euskarazko datu-base sendo bat sortuta, euskarak zuzeneko sarbidea izango du sare teknologiko nagusien zirkuituetan, eta, horren eskutik, eguneroko eta helburu ugaritako aplikazioetan.

Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabideari begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe aurrera egin ahal izan dezan.

Beste hainbat urrats egin ditu euskarak digitalizazioaren eremuan oraingo honen aurretik ere, esate baterako, itzultzaile neuronalaren, itzulpen automatikoaren, ahots sintesiaren eta transkripzioaren alorrean eman diren urratsak.

Hortxe beraz, bidea: erabil ditzagun gure alde, euskararen zabalkundearen alde, teknologia kolaboratiboak, izugarria izango dugu ahaleginaren ordaina, guztiz aldekoa eta, batez ere, atzeraezina.

Gasteizko euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzeko bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu.

Eta ireki diezaiogun ahalegin honi atea, baita ere, euskarara hurbiltzen ari diren gasteiztar guztiei, euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala.

Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal izan dezagun. Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu".

Sari banaketa

Ekitaldia Montehermoso kulturunean egin dute eta bertan, erakunde mailako adierazpena irakurtzeaz gain, haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpen onenak aitortzen dituen Vitoria-Gasteiz sariak banatu dituzte. Fernando Rey Escalerak haurren kategorian jaso du saria Eloy Morenoren Cuentos para entender el mundo 2´ (Mundua ulertzeko ipuinak) liburuaren itzupenagatik. Aldiz, Patxi Zubizarretak gazteen kategoriako saria jaso du Marcos S. Calveiroren El cartero de Bagdad (Bagdadeko postaria) lanaren itzulpenagatik.

Gasteizko Udalak, eragile euskaltzaleekin elkarlanean, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta hogei jarduera inguru antolatu ditu. Igandean, abenduaren 3an, kaleko antzerkia egongo da Landatxoko kiroldegian eta Andre Maria Zuriaren plazaraino kalejira egingo dute. Bertan, kandelak piztuko dituzte.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide