2023-2028 Arabako Kultura Plana errealitate bihurtuko da apiriletik aurrera. 2022. urtearen hasiera aldean hasitako partaidetza-prozesua proposamen batekin amaitu da. Asteon aurkeztu diete foru aldundiko arduradunek lurraldeko kultur eragileei, kontrastatzeko.
Plana integrala izango da, Kultura sailaren eskumen guztiak hartuko ditu barne, "ez programaziokoak bakarrik, aurrekoak egiten zuen bezala", adierazi du Ana Del Val foru diputatuak, errealitatera egokitutako dokumentu bat da, "bizi izan dugun eta gauden garaitik gogoeta egiten duena", malgua da, etengabe ebaluatzeko eta urtero egokitzeko gaitasuna duelako, "epe laburrean, ertainean eta luzean", eta haren ezarpena modu irekian eta sektorearen parte-hartzearekin kudeatuko da.
Kultura politika berria gidatuko duten balioak irisgarritasuna, ekitatea, hurbiltasuna, jasangarritasuna, aniztasuna, identitatea, berrikuntza, zeharkakotasuna, belaunaldiartekotasuna eta kalitatea izanen dira. Gainera, kultura eskubide gisa bezala jasota dago, eta hiru helburu nagusi izanen ditu: Gizarteak kulturaren balioaz duen pertzepzioa areagotzea; kultura eta sorkuntza sektoreen garapena sustatzea; eta lurraldearen garapen kultural orekatua indartzea.
Planeko proposamenen artean daude, besteak beste herritarren eskubide kulturalei buruzko foru araua garatzea; Araban Artisten Estatutua garatzea eta lurraldean ezartzea; arteen, ondarearen eta tradiziozko herri kulturaren sektore bakoitzeko plan espezifikoa egitea; programazioaren deszentralizazioa indartzea; publiko berriak garatzen dituzten ekintza berritzaileak abian jartzea edo Kulturaraba Bulegoa programa indartzea.
Gainera, kultura arloko genero berdintasunarekin lotutako hainbat ekintza egingo dira, besteak beste honako hauek: Genero Berdintasunerako Plan espezifiko bat kulturaren sektorean; emakume sortzaileen ekarpen historikoari eta egungoari buruzko ikerketa sustatuko da; edo emakumeek Arabako historian izan duten zereginari balioa emango zaio, ikerketen bidez.