Indarkeria matxistaren 1.400 biktimak arreta psikologikoa jasotzen dute Araban

Erredakzioa 2023ko aza. 27a, 18:00
Indarkeria matxisten aurkako mobilizazioa, azaroaren 25ean. ALEA

Hegoak foru zerbitzu psikologikoaren historiako zifrarik altuena da, eta artatutako biktima guztien %13 tratu txarrak jasan dituzten emakumeen seme-alabak dira. Horrez gain, 55 gizonezko erasotzailek laguntza psikologikoa eskatu dute.

Azaroaren 25eko Indarkeria Matxisten aurkako Egunaren ostean, Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak astelehen honetan aurkeztu ditu genero indarkeriaren biktimei arreta espezializatua emateko Hegoak Arreta Psikosozialeko Zerbitzuaren 2022ko datuak: guztira, 1.392 emakume eta haien seme-alabak artatu zituzten; aurreko urtean baino 184 pertsona gehiago (%15) guztira, eta, gainera, 718 eskatzaile berriak izan ziren.

Duela 30 urte foru baliabide sozial hori abian jarri zenetik izan duen zifrarik altuena dela ohartarazi du diputatuak, eta goranzko joera azken urteetan errepikatu da: azken bost urteetan %59koa izan da hazkundea, eta azken hamarkadan bikoiztu egin da artatutako pertsonen kopurua.

"Indarkeria matxistaren ondorioz gizarte laguntza eskatzen duten emakumeen, haurren eta nerabeen kopuruak gora egiten jarraitzen du", ohartarazi du Urtaranek, foru zerbitzu horren beharra azpimarratuz. "2023 urte errekor bihurtzeko bidean dago artatutako pertsonen kopuruari dagokionez, eta 2022 jada izan zen errekorra aurreko guztien aldean", azaldu du foru diputatuak.

Laguntza psikologikoaz gain, Hegoak foru zerbitzuak orientazio juridikoa eskaintzen die biktimei, administrazio izapideetan edo erreklamazioetan. 2022an, 323 emakume bertaratu ziren zerbitzu hori eskatzeko, 2021ean baino 57 gehiago (%17).

ARRETA PSIKOLOGIKOA GUZTIRA BERRIAK
2012 677 413
2017 877 569
2021 1.208 684
2022 1.392 718
2023 (urtarrila-uztaila) 1.141 436

24 orduko arreta

Datuen aurkezpenarekin batera, diputatuak nabarmendu du Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontua ia %25 handituko duela, "erantzuna indartzen jarraitzeko, baliabide gehiagorekin hornitzeko eta zerbitzuak hobetzeko".

Horrez gain, berriki egonaldi ertaineko bigarren egoitza zentro bat sortu ondoren, sexu indarkeriaren biktimei arreta emateko 24 orduko krisi zentroaren jarduera "laster" hasiko dela iragarri du Urtaranek, etengabeko arretako eta berehala jarduteko irizpideen arabera.

Zerbitzu horrek arreta psikologikoa, juridikoa eta soziala emango die indarkeria matxistaren biktimei, senideei eta inguruko pertsonei, bai eta krisi egoeretan laguntza eta babesa ere. Telefono bidezko zein aurrez aurreko laguntza eta informazioa eskainiko ditu zentroak, urteko 365 egunetan, 24 orduz.

Gainera, Hegoak foru zerbitzua instalatzeko lokal berri batzuk egokituko dituzte, biktimei ematen zaien arrera hobetzeko asmoz.

Adingabeak, egoitzak eta gizonezkoak

2022an zehar indarkeria matxista pairatzeagatik Hegoak zentroko psikologoek artatutako biktima guztien %13 tratu txarrak jasan dituzten emakumeen seme-alabak izan ziren.

Halaber, egoitza baliabideetara jo behar duten emakume biktimen eta haien seme-alaben kopurua ere handitu da, ezin baitute beren etxeetan bizitzen jarraitu. Guztira, 174 biktimak erabili zuten 2022an aldundiaren egoitza sareko baliabideren bat, 2021ean baino 39 gehiagok (%29): 76 emakume biktimak, 96 seme-alaba adingabeak eta bi ardurapeko pertsona helduak. Berehalako Harrera Zentroaren kasuan, hazkundea %62koa izan zen.

Bestalde, biktimei emandako laguntzaz gain, 55 gizonek beren borondatez eskatu (eta jaso) dute laguntza psikologikoa 2022an.

Nora deitu larrialdiren bat gertatuz gero?

  • SOS Deiak zerbitzua: 112
  • Genero indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzua: 900 840 111
  • Argibide eta orientaziorako: zure auzoko edo udalerriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua
  • Hegoak foru zerbitzuaren hitzordurako telefonoak:
    • Gastez, Agurain, Guardia eta Oion: 945 151 015 edo 945 124 892
    • Amurrio: 945 891 161
    • Laudio: 944 034 850

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide