Osoigo enpresa teknologikoak kudeatutako Gurea Geroa plataformak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 6.000 gazteren proposamenak, iritziak eta kezkak jaso ditu azken hilabeteetan, etxebizitzaren egoeraren inguruko makro-inkesta batean. Prozesu parte-hartzailearen emaitzak txosten batean bildu eta astearte honetan, azaroaren 28an, aurkeztuko dituzte Gasteizen, Hibridalab espazioan, Miguel de Unamuno hiribideko 1. zenbakian, EHUren Gasteizko Campusean.
Zein dira gazteen proposamenak egoera hobetzeko? izenburupean, txostenaren ondorio nagusiak aurkezteaz gain, ekitaldian zehar gazteek landutako proposamenak aurkeztuko zaizkie Eusko Legebiltzarreko alderdi guztietako sei ordezkariri. Bertan izango dira Maitane Ipiñazar (EAJ), Eraiz Saez de Egilaz (EH Bildu), Maria Jesus San Jose (PSE-EE), Iñigo Martinez Zaton (Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU) eta Muriel Larrea (PP).
"Euskal herritarron kezkak aztertzen dituzten barometro guztietan azaldu ohi da gazteek etxebizitzaren aurrean duten egoera kezka nagusietako bat bezala", azpimarratu du Gurea Geroa plataformak. Egitate horretatik abiatuta, galdetegi digital bat erabili dute ahalik eta iritzi gehien jasotzeko asmoz, bai eta proposamen zehatzak jasotzeko helburuarekin ere: 6.000 gaztek parte hartu dute, eta 100 proposamen baino gehiago jaso dituzte.
Aurkezpenaren ostean, bihartik aurrera, Gurea Geroa plataformak ondutako txostena gureageroa.eus webgunean irakurri eta deskargatu ahal izango da.