Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren atarian, eta horren lanketan buru-belarri murgilduta dagoen bitartean, larunbatean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunean, kalera atera da berriz ere Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean, mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, bai eta Arabako herri askotan ere.
Arabako hitzordu nagusia, ohikoa denez, Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa izan da; larunbatean 12:30ean abiatu da San Anton plazatik. Baina egun osoan zehar, eta baita astean zehar ere, askotariko mobilizazioak, ekitaldiak eta jarduerak izan dira Araba osoan, hiriburuan, auzoetan eta herrietan, bereziki Aiaraldean.
Indarkeria matxistaren aurpegiak
Arabako hiriburuko manifestazioaren amaieran, Florida Parkeko kioskoan egindako ekitaldian, Gasteizko Mugimendu Feministak gogoan izan ditu 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako 121 emakumeak eta 12 haurrak. Horietatik bost 2023an hil dituzte: Maialen, Maria Begoña, Lourdes, Zhen Jiang eta, azkenik, azaroaren 7an bere aitak hildako zazpi urteko haurra. Senide eta lagunei "besarkadarik handiena" helarazi diete.
Datu ofizialetatik harago, indarkeria matxistak "askoz gehiago" direla ohartarazi du mugimendu feministak: "Emakume migratuen prekarizazioa, trans eta sexu-genero disidenteen eskubideen urraketa sistematikoa, etxeko langileen esklabotza, emakume defendatzaileen kriminalizazioa, emakume ijitoen kontrako zapalkuntza historikoa, emakume presoen giza eskubideen urraketa, gorputzak eta lurraldeak suntsitzeko saiakerak, kontrola eta beldurra sustatzea...".
Bestalde, mugimendu feminista hainbat arlori buruz aritu da bere hitzartzean. Lehenik eta behin, "euskal emakume preso politikoen eta senideen eskubideak zein eskubide zibilak ez errespetatzea indarkeria matxista" dela salatu dute. Bigarrenik, "neska gazteok sistema zishetetropatriarkal kapitalistaren biolentziaz eta zaintza lanak eta kuadrillakoen sostengu psikologikoa beren gain gain hartzeaz nazkatuta" daudela ohartarazi dute.
Hirugarrenik, Palestinaren aurkako "genozidioa" eta "feminizidioa" salatu dute: "Israelek 15.000 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan, tartean 4.000 emakume eta 6.000 haur baino gehiago". Horren aurrean, Israeli Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) kanpaina indartzera deitu du mugimendu feministak.
Horrez gain, "adineko emakumeek jasaten duten indarkeria gehienetan bikotekideak eragindako eraso psikologikoak eta kontrol ekonomikoa" direla salatu dute, eta gizartea horren inguruan kontzientziatzea eskatu dute, "indarkeriaren zirkulua apurtzeko". Halaber, pentsioak gutxienez 1.080 eurora arte osatzea exijitu dute.
Bosgarrenik, etxeko eta zaintzako langileek "lan esplotazio eta indarkeria ekonomiko, arrazista eta kolonialen egitura" pairatzen dutela ohartarazi du Gasteizko Mugimendu Feministak. Hain zuzen ere, sektore horren eskubideak izango dira azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ardatz nagusia, zaintza eskubide kolektiboa eta zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatuko baitira.