Nola prestatu zuten "lehen zaintza greba"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko aza. 24a, 06:00

Lækjartorg plaza, Reykjaviken, 1975eko greba egunean. Argazkia: Loftur Ásgeirsson

1975ko urriaren 24an, Islandiako emakumeek 'Kvennafrídagurinn' eguna (Emakumeen Egun Librea) egin zuten. Herrialdetik kanpo, Islandiako Emakumeen Greba bezala ezagutzen da, eta Europa mendebaldeko "lehen zaintza greba" handitzat hartu izan da historian.

Ekintzak Islandiako ekonomia geldiaraztea lortu zuen, enpresak eta gobernuaren bulegoak ixtera behartuz. Eskolak, haurtzaindegiak eta lantegiak ere itxi egin zituzten. Dendak aurrez prestatutako jakirik gabe geratu ziren, saltxitxak eta hot dogak kasu. Islandiako emakumeen %90k ez zuen lan egin, ez etxeetan ezta etxetik kanpo ere. 

Hurrengo egunetan, tokiko egunkariek, lehen aldiz, platerak garbitu, seme-alabak lanera eraman eta afaria prestatu behar izan zuten gizonei buruzko istorioak argitaratu zituzten; eta gizon askok Ostiral Luzea bezala bataiatu zuten eguna, seme-alabak zaindu eta etxeko lanak egin behar izan zituzten lehen aldia zelako, eta "egun oso luzea izan zen".

Emakumeen Egun Librearen irudia, 1975ean. islandiako emakumeen museoa

Iris Ellenberger islandiar kazetariak Jacobin aldizkarian jaso duenez, hogei manifestazio baino gehiago antolatu ziren herrialde osoan; ekitaldirik handiena Lækjartorg plazan egin zen, Reykjavik erdialdeko plaza nagusian, eta 25.000 emakume bertaratu ziren, "hiriburuan bizi ziren emakumeen ia erdia".

Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala erraldoi bat zegoen protestaren jatorrian, izan ere soldata arrakala %40 baino gehiagokoa zen 70eko hamarkadan Islandian: emakumeek gizonek irabazten zutenaren erdia baino gutxiago irabazten zuten. Halaber, ez zen ezerezetik sortu Kvennafrídagurinn Islandiako emakumeen zaintza greba nazionalaren ideia, atzetik antolaketa handia behar izan zen, eta emakumeen talde ugariren inplikazioa. Beraz, ekitaldi masibo hori hainbat emakume erakunderen baterako ahalegina izan zen, baina jatorrizko ideia Redstockings (Media Gorriak) talde feminista erradikalarena izan zen.

Media Gorriak

Redstockings mugimendua 20 eta 30 urte bitarteko emakume gazteen talde batek sortu zuen 1970ean. Gehienak klase ertainekoak ziren, heziera onekoak, eta irakaskuntzan, bulegoetan edo arte bisualetan lan egiten zuten. Emakume horietako asko atzerrian bizi izan ziren, eta han ezagutu zuten lehen aldiz feminismoa; izan ere, Redstockings izena 1969an New Yorken sortu zen antzeko izena zuen talde batena da.

Bada, 60eko hamarkadan, Redstockings-ek emakumeen lan eta ugalketa eskubideen aldeko borroka gidatu zuen Islandian, sexu eta ugalketa hezkuntzaren, abortatzeko eskubidearen, emakumeen soldata berdintasunaren eta lan merkatuan familiaren sostengu gisa aitortzearen aldeko kanpainak egiten zituzten.

Ezkerreko mugimendua zen, eta emakume sozialista eta komunista askok militatu zuten taldean. Redstockings-etako lehen batzar nagusian, 1970ean, mozio bat aurkeztu zen emakumeen greba orokorraren inguruan, baina une horretan ez zuen aurre egin, eta emakumeen grebak fantasia izaten jarraitu zuen, harik eta Nazio Batuek 1975ean emakumeei eskainitako urtea izango zela adierazi zuten arte.

Urte horretan, Islandiako lehen Emakumeen Kongresuan, ekainean, Islandiako bost emakumeen erakunde handienak Reykjaviken bildu ziren gai komunak eztabaidatzeko. Emakumeei gizonei baino %60 gutxiago ordaintzen zitzaien lan beragatik, eta ez zitzaizkien aitortzen etxekoandre gisa egiten zituzten ekarpenak. Redstockings taldeak emakumeek greba egin behar zutela jarri zuen mahai gainean; baina, azkenean, greba deitu beharrean, Emakumeen Egun Librea deitu zuten urriaren 24a. Modu horretan, gehienentzat, termino erradikalegia zena alboratu zuten, eta emakumeen erakundeen arteko sentsibilitate desberdinak barneratu nahi izan zituzten. Gainera, "grebara" deituz gero, parte hartuko zuten emakumeei greba basati batean parte hartzea leporatzeko arriskua zegoen, eta ondorioz lanpostuak galtzeko.

Argazkia: Borghildur Óskarsdóttir. Emakumeen Historiaren Museoa1975.

Irailean eta urrian, Emakumearen Egun Librea antolatzeko, lan eskerga egin zuten dozenaka emakumek, eta hedabide eta lantoki gehienen babesa lortu zuten. Ahaleginen bat ere egin zuten batzuek eguna zapuzteko, mespretxuzko iruzkinak eginez, (adibidez, Emakumearen Egun Librea logelara ere hedatzen ote zen galdetuz), eta grebalariak kaleratuko zituztela esanez.

Azkenean, grebak sekulako arrakasta izan zuen, eta emakumeen egoera bidegabea agerian utzi zuen. Urriaren 24ean, komunikabide gehienek Islandian emakumeek zituzten baldintzei buruzko artikuluak argitaratu zituzten; luze eta zabal landu zuten gaia egunaren aurreko egunetan, eta desberdintasunari buruzko artikuluak argitaratzen jarraitu zuten urte osoan. Halaber, 1976an generoagatiko soldata diskriminazioa debekatzen zuen lege bat onartu zen.

Era berean, grebak zubiak eraikitzeko balio izan zuen, berdintasuna eta emakumeen eskubideak defendatzeko moduari buruzko ikuspuntu oso desberdinak zituzten emakumeen taldeen artean. 
Baina jendetzara iristea lortu bazuen ere, eragin negatiboa ere izan zuen Redstockings taldekoen ustetan, bultzada politikoa ahuldu zuelako. Hala adierazi zuen Vilborg Dagbjartsdóttir Redstockins taldeko kideak: "Egia esan, emakumearen eguna desenfokatua izan zen, ahula eta benetan ikuskizun bat besterik ez. Hala ere, emakumeak konturatu ziren indar bat zirela, asko zirela eta indartsuak zirela. Elkarri elkartasuna adieraz ziezaioketela ere konturatu ziren". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide