Aurrenekoz, greba feminista orokorra

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko aza. 24a, 06:00

Aiaraldeko greba feminista orokorraren aurkezpena. Argazkia: PHOT.OK

2018ko eta 2019ko grebekin hasitako bideari jarraiki, greba feminista orokorrak grebaren betiko kontzepzioa gaindituko du. Mugimendu feministarena da gidaritza, eta hark jarri ditu irizpideak, baina gizarte osoaren inplikazioa eskatu dute. "Zaintzen krisia erdigunera ekarri nahi dugu, eta adostasun sozial zabala egituratu".

Zaintzaz jabetzea da azaroaren 30ean Euskal Herriak biziko duen greba feminista orokorraren helburuetako bat: nork diseinatzen dituen, nork egiten dituen, nork jasotzen dituen, erakundeek zer eskaintzen duten, zer falta den, nolakoak izan behar diren… Beste bat, jakina, greba guztietan bezalaxe, herrialdeko ehun produktiboa gelditzea eta lanera ez joatea. Greba tradizionaletik harago doan esanahia hartzen du azaroaren 30eko lanuzteak, baina, aldi berean, grebarekin zerikusi handia du.

Izaeran eta diseinuan aurrekaririk ez du Euskal Herriko mugimendu feministak deitu duen lanuzteak: 2018ko eta 2019ko greba feministetan ez bezala, oraingoan, Hego Euskal Herrira mugatuko da eragin esparrua. Bestalde, aurrekoetan, mendeko pertsonak eta etxekoak zaintzera deituta zeuden gizonezkoak. Oraingoan, berriz, grebarekin bat egitera eta greba batzordeen bidez antolaketan parte hartzera deituta daude, muga argi batzuk errespetatuz: "Gune horietan ez da erasorik onartuko, eta gizona batzordeetara joateko emakume bat zaintzen gelditu behar baldin bada, agian gizonak hartu beharko du bere gain zaintza hori". Hala, lantegietan, ikastetxeetan, kalean, antolakuntzan, eta mobilizazioetan, emakumeak izango dira protagonistak.

Gizarte osoaren ardura

Finean, zaintzaren auzia gizarte osoaren ardura dela nabarmendu du mugimendu feministak, eta horrenbestez, greba feminista orokorrak gizarte osoa interpelatzen duela. Orain arte mugimendu feministak egin dituen aldarriak izan dira zaintzari dagozkionak. Orain beste salto bat eman dute, gizarte osoa interpelatuz eta gizarte osoari dei eginez greba egun horretan parte hartzeko. "Jendarte osoa kalera ateratzea gustatuko litzaiguke. Noski lehentasunez emakumezkoak, zaintza sektoreko langileak, prekarizatuenak daudenak... Baina baita ere, orokorra denez, gizonek ardura hori sentitzea, interpelatuta sentitzea eta kalera ateratzea", esan dute.

Zaintza "eskubide unibertsal" gisa aitortzeko eskatu dute, beraz, Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek eta sindikatuk. Elkarrekin "herri akordio" batean jaso dute eskaera. Hala, akordio horretan bildu dituzte azaroaren 30eko greba feminista orokorrera eramango dituzten aldarrikapenak: hemezortzi epe laburrerako eta bost epe luzerako. Besteak beste, nahi dute zaintza duinaren unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publiko-komunitario bat garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, zaintzeko denborak bermatzea, pentsio duinak ziurtatzea, eta lanen banaketa sexual eta arrazista bertan behera uztea.

Salatu dute, gainera, zaintzak ekonomiari egiten dion ekarpena ez dela kontuan hartzen ezta ofizialki zenbatzen ere, eta lan horiek direla finean sistema ekonomikoa "sostengatzen" dutenak. LAB sindikatuak emaniko azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 186.800 herritar ari dira etxeko lanetan (%88 emakumeak); horiei gizarte zerbitzuetan dihardutenak gehituta, "zaintzako langileek sortzen duten aberastasuna EAEko barne produktu gordinaren %25,75 da, hau da, eraikuntzan (%4,2) eta industrian (%17,2) sortzen dena baino handiagoa". Era berean, etxeko langileek gutxieneko soldata jasoko balute, 3,6 milioi eurotik gorako gastua egin beharko litzatekeela azpimarratu du sindikatuak: "EAEko 2024rako aurrekontu proiektuaren %24", zehaztu dute.
Zaintza lanen banaketaren argazki xehea egin du, bestalde, ELAk, eta berretsi egin du mugimendu feministak salatutakoa. "Emakumeen eta gizonen dedikazioaren arteko aldea murriztu egin da azken 11 urteetan, baina oraindik zaintza lanen banaketa oso desorekatua da: emakumeek hartzen dituzte beren gain ordaindu gabeko lan gehienak; batez beste, 2,2 ordu gehiago egiten dituzte egunean. Era berean, horrek eragina du emakumeen enpleguan: lanaldi partzialen feminizazioan eta soldata arrakalan".

Zaintza langileen lapiko-jotzea

Bost egun geratzen dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Feminista Orokorrerako, eta azken egunetan, herrialde osoan, buru-belarri lanean ibili dira auzoetako eta herrietako greba batzordeak eta asanbladak greba egunerako azken ukituak ematen, agerraldiak, piketeak eta mobilizazioak zehazten. Halere, bada arazo bat: zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba izanik, hain zuzen, zaintza langile askok agian ezingo dutela egun osoan zehar kalera atera. Egoera horren aurrean, greba eskubidea "errepresaliarik gabe" errespetatzea exijitu diete zaintzaren eta garbiketaren sektorean lan egiten duten enpresei eta etxeetan langileak ardurapean dituzten pertsonei, horretarako "baliabide guztiak" jarrita.

Arabako Etxeko eta Zaintzako Langileen Elkarteak, kasu, deialdi berezia egin du, eta jakinda langile askok arazoak izango dituztela greban parte hartzeko, azaroaren 30ean, 11:00etan, langileen lapiko-jotzea egitea proposatu dute, "balkoietatik edo edozein plazatik". Zaratarik egin ezin badute, zapi laranja bat astintzeko eskatu dute. Ondoren, 13:00etan,  Zumakerako Lanbidetik kalejira aldarrikatzailea deitu dute. 

Erlazionatuak

Nola prestatu zuten "lehen zaintza greba"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 aza 24 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago