Abenduko zubian iritsiko da Gasteiz On plataformak antolatutako Ardoaraba azoka enogastronomikoaren hamaseigarren edizioa. Asteazken honetan aurkeztu dute Bibat Museoan, Maria Nanclares Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismo zinegotziaren eskutik: "Hirirako ezinbesteko egitasmoa da", aldarrikatu du zinegotziak.
Abenduaren 6tik 9ra bitartean ohiko plazetan kokatuko diren karpa tradizionaletan, Arabako ardoa, txakolina eta sagardoa, bertako beste gutizia asko eta jatorri deitura gonbidatuak gozatu ahal izango dira. Probintzia plazan, Foru plazan eta Plaza Berrian izango dira dastatze-gune nagusiak, baina historiadun dastaketak ere egingo dira hiriko gune berezietan eta jauregietan.
Halaber, ostalaritza lokaletan eta saltokietan ere elkarlanean antolatutako ekintzak izango dira (Ostalaritza Ibilbidea, hilaren 6tik 10era), bai eta haurrentzako hitzorduak eta programazio didaktikoa ere.
Ekitaldiari amaiera bikaina emateko, igandean, abenduaren 10ean, Summum by Ardoaraba ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute Goiuri Jauregian. Bertan, Euskal Herriko ardo berezienak eta nazioarteko gidetan balorazio onena jaso dutenak dastatzeko aukera egongo da.

Nolakoa izango da aurtengo edizioa?
Zenbait daturekin laburbildu daiteke Ardoarabaren XVI. edizioaren eskaintza zabala:
- 42 upategik parte hartuko dute (iaz baino hiru gehiago)
- 28 sukaldek ekimenerako pintxoak jarriko dituzte
- 59 tabernatan pintxoak, ardoak edota menuak eskainiko dituzte auzo ugaritan
- 30 jatetxek Ardoarabako Menu Bereziak eskainiko dituzte, 21 eta 55 euro bitarteko preziotan
- 425 proposamen enogastronomiko:
- 273 ardo dastatu ahal izango dira
- 152 pintxo eta plater dastatzeko aukera izango da
Prezioak, guneak eta ordutegiak
Taloitegiaren prezioa 20 eurokoa izango da, eta Txoko Gastronomikoko jardueretara zein Ostalaritzako Ibilbidera atxiki diren taberna eta jatetxeetan eta dastatze eremuetan (karpak) trukatu ahal izango diren 28 puntu izango ditu. Karpetako informazio-puntuetan edo Andre Maria Zuriaren plazako gunean erosi ahal izango dira.
Karpen ordutegiak honako hauek izango dira:
- Abenduak 6, asteazkena: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era
- Abenduak 7, osteguna: 19:00etatik 22:30era
- Abenduak 8, ostirala: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era
- Abenduak 9, larunbata: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era
Zer berrikuntza izango dira aurten?
- Dinner & Wine afariak.
- Txoko Gastronomikoko haurrentzako eskaintza hiru hizkuntzatan izango da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
- Arabako Batzar Nagusietako eraikina espazio berezietako bat izango da.
- Terra Day egingo da Slow Food Arabarekin.
- Emakumea Ardogintzan erakusketa, azaroaren 22tik aurrera Bibat Museoan.
- Ostalaritzako Ibilbidean parte hartuko duten taberna eta jatetxeetako pintxo proposamenak biltzen dituen plano gida bat argitaratuko da.
- Ardoarabaren sticker berriak sortu dituzte Instagrameko erabiltzaileentzat.
GIDA