Indarkeria matxista salaketek %10 egin dute gora Araban

Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 16:16
Maialen Mazonen hilketa matxista salatzeko manifestazioa, Gasteizen. ALEA

Une honetan, 858 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren; gainera, horietatik bostek bizkartzain zerbitzu iraunkorra edo puntuala dute, arrisku handia dutelako.

2023ko urtarriletik irailera bitartean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Ertzaintzak indarkeria matxistaren inguruko 4.879 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek, oro har, %6,2 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.983 emakume artatu ditu, eta 2022ko denboraldi berari dagokionez igoera %7,7koa izan da, beraz.

Araban, era horretako delituek oro har %10 egin dute gora, eta 766 salaketa jaso dira aurtengo urtarriletik irailera bitartean. Tarte horretan indarkeria matxistaren delitu desberdinen biktima izan diren 622 emakume artatu ditu Ertzaintzak lurraldean, eta iazko datuekin alderatuta igoera  %7koa izan da. Jasotako salaketa kopururik handiena, orain arte bezala, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du Ertzaintzak, 569 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera %13,57koa izan da, beraz. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena. Aurten, bi emakume hil dituzte Euskadin bikoteak edo bikotekideak, horietako bat Gasteizen, maiatzaren 28an; Maialen, 32 urtekoa, hil zuen bikotekide ohiak.

Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia etxea da (familia barruko/etxeko indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa ez dena), eta aurten, orain arte, 117 kasu erregistratu dira Araban, iaz bezala.

Igoera aipagarria izan da EAEn, 2023ko eta 2022ko aldiak alderatuta, sexu askatasunaren kontrako delituen atalean: 459 kasu erregistratu dira erkidegoan, aurreko urtean baino ia %20 gehiago, iaz 397 kasu erregistratu baitziren. Gehienak sexu erasoak izan dira, eta zifra laukoiztu egin da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, horren arrazoia da, neurri handi batean, 2022ko urriaren 7an "bai bakarrik da bai" izenez ezagutzen den legea, sexu abusua eta sexu erasoa parekatzen dituena, indarrean sartu izana. Gainera, horrek adierazten du sexu eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dutela: 2022an 62 erregistratu ziren eta aurten, 2023an, 89 gertatu dira, hau da, %43,5 gehiago.

Babes neurriak

Araban, 858 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Kasurik larrienetarako, arrisku handia duten emakumeentzako, bizkartzain zerbitzu iraunkorra edo puntuala ezartzen da: une honetan bost emakume daude Araban egoera horretan. Kontrazaintzako zerbitzua, berriz, 23 emakumek dute; eta beste 71k baliabide elektronikoak.

Beste alde batetik, 20 gizonezkok baino ez daramate lokalizazio eskumuturrekoa epailearen aginduz Ertzaintzak kontrolatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide