Korrikaren 'Badon*' ikuskizunak abiatuko du Eguberrietako eskaintza

Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 14:37

Abenduaren 27an taularatuko dute 'Munduari begiratzeko' ikuskizuna. Argazkia: M.B.

Guztira, 21 ikuskizun eskainiko ditu Gasteizko Principal antzokiak, abenduaren 1etik aurrera.

Korrika kulturalaren Badon* ikuskizunarekin emango diote hasiera Principal antzokiko Eguberrietako denboraldiari, abenduaren 1ean, artista garaikide desberdinak batuko dituen opera postdramatikoarekin. Marina Suarezek zuzenduta, Ainara Gurrutxaga, Ines Osinaga, Xanti Agirrezabala eta Oihana Vesga izango dira taula gainean. "Ikuskizunaren xedea genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea da. Horretarako, bestelako euskal kanona, plaza publikoa eta genealogia ahalbidetuko duen mundua edo agertokia asmatuko ditu, espekulazioa eta jolasaren bitartez".

Gasteizko antzoki nagusian izango den beste protagonistetako bat Lucia Lacarra dantza-konpainia izango da, abenduaren 29an igoko da agertokira Lost Letters lanarekin. Bertan, Matthew Golding-en koreografiarekin, galdutako konexioen gaia jorratuko dute eta komunikatzeko boterearen inguruan gogoeta egitera gonbidatuko ditu ikusleak.

Abenduaren 9an, aldiz, antzerkia iritsiko da Fernando Rojasen La Celestina lanaren egokitzapenarekin. Lanaren protagonista Anabel Alonso da, eta ekintzaren dinamismoa, gatazken erritmoa eta denboraren bizkortasuna oinarri hartuta Eduardo Galanek egokitutako tragikomedia eskainiko dute.

Rafael Alvarez El Brujok ere arte eszenikoekin lotutako proposamena ekarriko du abenduaren 14an: El viaje del monstruo efímero. Egilearen hitzetan, munstroaren bidaia hori oraindik Espainiako Urrezko Mendeko distiraren aztarnak goraipatzen dituzten agertokietan barrena egin izan duen bidaia bera da.

Abenduaren 16an, denboraldiko klasiko bat iritsiko da: Donostiako Orfeoiaren Eguberrietako Kontzertua. Baina musika gehiago ere izango da, oraingoan Ivan Ferreiroren eta Aitzina Folken eskutik. Ferreirok zuzenean aurkeztuko du bere album berria, Trinchera Pop izenekoa, abenduaren 21ean. Sei egun geroago, abenduaren 27an, Munduari begiratzeko multimedia-ikuskizunak Kirmen Uriberen poesia, Mikel Urdangarinen, Rafa Ruedaren eta Bingen Mendizabalen musika eta Mikel Valverderen artea bateratuko ditu Aitzina Folk jaialdiaren barruan.

Baina programazioan umoreak ere izango du tartea, eta Jose Corbacho Gasteizen izango da abenduaren 22an Ante todo mucha calma bakarrizketarekin. Pertsona bakarreko ikuskizun horretan, aktoreak guztiaz eta guztiez egingo du barre, baina batez ere, eta lehenengo eta behin, bere buruaz.

Beste hainbat proposamenek osatuko dute Principaleko Eguberrietako eskaintza eta, gainera, 2024ko musika-aurrerapena ere jasoko du. Flamenko kutsua duen aurrerapena izango da: Tomatito gitarra-jotzailearen 50 años sin Manolo Caracol kontzertua urtarrilaren 26an, eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren 27. edizioan sartuta dauden lau kontzertu otsailean eta martxoan.

Sarrerak azaroaren 21ean jarriko dituzte salgai leihatilan, 945-161 045 telefono-zenbakian edo, 10:00etatik aurrera, baita Principal antzokian ere.

PROGRAMAZIOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago