LGTBI komunitateko kideek agerraldia egin dute Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelen ekintzak salatzeko, ehun lagunek sinatutako adierazpenarekin bat. Gainera, egunotan antolatzen ari diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin diote kolektiboari.
Komunitateko hainbat ordezkarik Israelgo estatua Palestina "suntsitzen" ari dela salatu dute, Mendebaldeko potentzia gehienek "epelkeriaz" jokatzen duten bitartean. "Israelgo buruzagi genozidekin agertzen dira argazkietan edo tarteko bideak proposatzen dituzte; halakoek ez dute gerra amaitzen lagunduko inola ere".
Sinatzaileek esan dutenez, "genozidioa" salatzen duten bitartean, halere, LGTBI kolektiboak zenbait komentario entzun behar izaten ditu maiz: "Zuek bezalako jendea aske bizi da Israelen" edo "Palestinarrek ez dute LGTBI jendea onartzen" modukoak. Hori dela eta, nabarmendu nahi izan dute Israelen LGTBI harrotasuna "estatu sionistak babestutako propaganda estrategia" bat dela: "Besterik ez. Israelek palestinarren aurka, LGTBI izan ala ez, egiten dituen krimen kolonialak mozorrotzeko diseinatu dute estrategia hori. Guretzat ez dago harrotasunik, baldin eta genozidioa makillatzeko erabiltzen badute. Ez gure izenean!". Estrategia horrek pinkwashing izena duela gogoratu dute, "eta biolentzia koloniala da".
Egoera salatzeaz harago, ordea, "jarrera aktiboa" galdegin dute sinatzaileek. Gogoratu dute 2005ean Palestinako jendarte zibilak dei egin ziola nazioarteko komunitateari Israelen aurkako boikot-kanpaina bat egiteko, zigorrak ezartzeko eta bertan egindako inbertsioak eteteko, Nazioarteko Zuzenbidea betearazi arte. "Palestinako LGTBI burkideek bat egin dute mugimendu horrekin. Horregatik, manifestu honen sinatzaileok ere babesten dugu estrategia hori, inoiz baino beharrezkoagoa delako. Horrenbestez, ez kontsumitu estatu genozidaren produkturik, eta ez egin turismorik kolonoen lurretan! Dei egiten diogu Euskal Herriko LGTBI transmarikabibollo komunitate osoari: egin boikot Israeli, antolatu estatu horren aurka Euskal Herrian dagoen mugimenduarekin, kendu mozorroa pinkwashing-ari eta joan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko ekimenetara".
Adierazpenarekin bat egin dute, besteak beste, Arabako Zuriñe Rodriguezek, Aitziber Perez de Karkamok, Jaione Martinez de Albenizek, Sator Lopezek, Nel Santacruzek, Shu Oterok, Oilar Iñurrietak, Klaudia Ugartek eta Haize Nuñezek.