Batzar Nagusietako webguneko agiri bisorearen bitartez datu eta agiri pertsonaletara sarbidea ematen zuen zaurgarritasun informatikoa konpondu du Arabako Aldundiak.
ALEAk jakin duenez, pasa den asteartean Cyberzaintza agentziak herritar baten abisua jaso zuen, zibersegurtasun alorreko zaurgarritasun horren berri emanez.
Abisuak ohartarazten zuen webgune horretako PDF agirien bisorean zenbait zenbaki aldatzea nahikoa zela ausazko dokumentazioari sarbidea izateko.
Agiri horietako gehienak Batzar Nagusietan landutako dokumentu publikoak baziren ere, tartean dokumentazio pribatua ikusteko modua zegoen. Besteak beste, Batzar Nagusietan hitz egitera gonbidatutako lagunen telefono eta NAN zenbakiak, alderdi politikoek kontratatutako aholkularien NAN eskaneatuak edota gizarte segurantzako agiriak.
Asteartean bertan Cyberzaintzak —orain arte Basque Cybersecurity Center izandako erakundeak— eman zion horren gaineko abisua diputazioari, eta asteazkenerako sarbide hori galarazita zegoela egiaztatu du hedabide honek.