Rafael Albertiren euskarazko olerki bat aurkitu dute Gasteizko aldizkari batean

Erredakzioa 2023ko azaroaren 3a

Albertiren 'Un fantasma recorre Europa' poema, euskaraz.

Malagako bizilagun batek aurkitu du 1934n '5' aldizkariak publikatu zuen olerkia.

Diario de Cádiz egunkariak eman du albistea, eta Garikoitz Knorr hizkuntzalariak jaso du sare sozialetan. Esteponako (Malaga, Espainia) bizilagun batek Rafael Alberti idazlearen euskarazko poesia bat aurkitu du Gasteizen argitaratzen zen 5 izeneko aldizkarian; 1934. urtean publikatu zuten Un fantasma recorre Europa poema euskaraz (Izukantza Europa ziar).

Francisco Garcia Castro Esteponako bizilagunak Espainiako Liburutegi Nazionalak dituen funts digitaletan egin du aurkikuntza; Gasteizen argitaratutako 5 literatura aldizkarian topatu du, soilik lau zenbaki izan zituen aldizkarian. Ohlari ezizena ageri da euskarazko poeman, Odon Apraizek erabiltzen zuen ezizena, Javier Diaz Nocik bere tesian jaso zuen bezala. 

Aurretik, beste aurkikuntza bitxi batzuk ere egin ditu Garcia Castrok, ofizioz arotza eta literatura zaletasun duen Malagako lagunak; besteak beste, Pablo Ruiz Picasso edo Salvador Ruedaren zenbait idazlan aurkitu ditu.

Bidegileak bilduma

Hainbatentzat sorpresa izan bada ere, Albertiren euskaratutako poema ez da aurkikuntza berria, ordea. Bidegileak bilduman eman zuten horren berri, 1996an. Blanca Urgell filologoak idatzi zuen Odon Apraizen biografia txikian jaso zuen poemari buruzkoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago