Aitzina Folk: disko berriak, kontzertuak eta Irlandako gonbidatuak

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 14:30
Jaialdiaren XI. edizioaren aurkezpena, Montehermoso Jauregian. Argazkia: Aitzina Folk

Azaroaren 4tik abenduaren 30era ospatuko da Aitzina Folk jaialdiaren XI. edizioa. Besteak beste, Korrontzi, Karlos Subijana, Sarrabete eta Gorka Hermosaren disko berrien aurkezpenak eta Irlandatik iritsitako bi talde izango dira.

Bueltan da folk musikaren Arabako zaleentzako ezinbesteko hitzordua: Aitzina Folk Gasteizko musika jaialdi solidarioa. Azaroaren 4tik abenduaren 30era bitartean ospatuko da XI. edizioa, Gasteizko hainbat agertokitan; gainera, lehen aldiz, bi jarduera egingo dira Izarran.

Beste behin ere folk kultura eta musika tradizionala babestuz, helburu solidario bat betetzeko asmoz: ataxia telangiektasiarako (AT) sendabidea edo tratamendua bilatzen duten ikerketa proiektuak finantzatzeko dirua biltzea.

Azaroan eta abenduan zehar, tailerrak, topaketak, folk sessions saioak eta, nola ez, askotariko folk kontzertuak izango dira. Hogei emanaldi baino gehiago izango dira, horietako sei disko berrien aurkezpenak:

  • Azaroak 4, larunbata, 19:00etan Santa Maria Katedralean:
    Gorka Hermosa
    akordei-joleak eta Garikoitz Mendizabal txistu-joleak Sustraien matxinada disko berria aurkeztuko dute. Tradizioa eta modernitatea uztartuz, mundu mailako erreferente bihurtu den Gorka Hermosak konposatutako errepertorioa jorratu dute.
  • Abenduak 1, ostirala, Izarran:
    Karlos Subijana, Xuxurlaka eta Xabi M. Otxagabia
    k Zaharrak berri disko berria aurkeztuko dute. Musika tradizionalak eta musika elektronikoa batzen dituen proiektua, izen handiko kolaboratzaileekin. Gorka Bravok egin du grabazioa, eta Patxi Villenek ekoitzi eta nahastu du Gasteizko Xuxur estudioan.
  • Abenduak 15, ostirala:
    Sarrabete
    taldeak Txori arraina bere bigarren diskoa aurkeztuko du. Zarrabetea (zanfona) soinu garaikideekin berreskuratzen ari dira, eta hamabi abestiz osatutako diskoa ondu dute; horietako hamaika taldearen konposizio originalak dira, eta Irati Bilbao abeslariaren letrak dituzte.
  • Abenduak 23, larunbata:
    Xabier Zeberio
    biolin jotzaile handiak bere bakarkako lehen grabazioa, Pause, aurkeztuko du. Oskorri talde ospetsuko kide izateagatik eta Alos Quartet hari laukotean parte hartzeagatik ezaguna da Zeberio, baita beste hainbat kolaborazio eta proiekturengatik ere.
  • Abenduak 30, larunbata, jaialdiaren amaierako kontzertu bikoitza:
    • Quico Comesaña Galiziatik iritsiko da, Mãe bere bakarkako lehen lan diskografikoa aurkezteko.

    • Korrontzi taldeak, urtez urte Aitzina Folk jaialdiarekin eta bere kausa solidarioarekin oso inplikatua izan ostean, 20 urte beteko ditu 2024an. Hori ospatzeko, sorpresaz betetako lan berri bat prestatu du: Korrontzi 20, bere hamabigarren diskoa. Luis Peixoto ekoizle portugaldarraren laguntza izan dute, beren errepertorioko ezinbesteko kantuetako batzuen bertsioak egiteko eta beste berri batzuk ekoizteko.

Disko berrien aurkezpenez gain, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako folk talde ugari arituko dira jaialdian; horien artean, Irlandatik iritsitako bi:

  • Azaroak 24, ostirala: FullSet, Iralndako talde kementsu eta dibertigarria, bertako musika tradizionalaren egungo panoramako talentu eta aldakortasun handiko sei musikari gaztek osatua.
  • Azaroak 25, larunbata: Barry Kerr Trio hirukote irlandarra, Kerr anaia ospetsuek eta Donogh Hennessy gitarra-jotzaileak osatua.
  • Abenduak 16, larunbata: B&C Quartet, Gaztela eta Leongo laukotea; Blanca Altable biolinista, Jesus Enrique Cuadrado Chuchi gitarrista, Natalie Haas (Alasdair Fraser & Natalie Haas) txelo-jotzailea eta Jaime Muñoz (La Musgaña) multiinstrumentista.
  • Abenduak 17, igandea: Harribitxi multiinstrumentista bikote harrigarria.
  • Abenduak 22, ostirala: Old Time Spooks hillbilly punk talde gasteizarra.
  • Abenduak 27, asteazkena: Munduari Begiratzeko multimedia ikuskizuna, Kirmen Uriberen poesiarekin, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Jon Cañaverasen musikarekin, eta Mikel Valverderen artearekin.

Bertako zein nazioarteko emanaldiez gain, emakumeen presentzia sustatzeko apustua egin du Aitzina Folk jaialdiak, Emakumeak folkean atalarekin. Bestalde, jaialdiaren jarduerak publiko guztiei zuzendutakoak diren arren, txikienek bi kontzertu familiar izango dituzte Txikifolk sailean.

Gainera, azaroaren 11n, larunbatean, bederatzi bandak kalejira nagusia egingo dute Gasteizko hiriguneko kaleetatik.

Sarrerak

Aurten ere jarduera eta ordainpeko kontzertu guztietarako sarrera eskaintzen duten 50 abonamendu jarri dituzte salgai, 125 euroko prezio berezian. Bonu horiek eta banakako sarrerak, 6 eta 30 euro arteko salneurriekin, www.aitzinafolk.org webgunean eskura daitezke dagoeneko.

Folka eta elkartasuna

2010ean sortu eta urtez urte hazten joan den jaialdia da Aitzina Folk, baita pandemia garaian ere. Folk kultura eta musika tradizionala babestuz, helburu solidario bat betetzeko jaio zen duela hamarkada bat baino gehiago: ataxia telangiektasiarako (AT) sendabidea edo tratamendua bilatzen duten ikerketa proiektuak finantzatzeko dirua biltzea. Ohiko zein zero ilarako (Laboral Kutxa: 3035 0228 96 2280099996) sarreren salmentarekin lortutako etekin guztiak bideratuko dituzte horretara.

Ataxia telangiektasia gaixotasun arraroa, genetikoa eta neurodegeneratiboa da. Oraindik ez du sendabiderik, eta Euskal Herrian gaitzak eragindako hiru mutil daude (horietako bat aurten diagnostikatu dute); Espainiako Estatu osoan, 40 haur eta gazte inguru.

Jaialdia Aitzina Lan Taldeko boluntarioek kudeatzen dute, beren denbora eta ahalegina eskainiz, gaur egun Aefat elkartea finantzatzen ari den ikerketa proiektuei zuzenean laguntzeko. Elkarte horrek estatu mailako pazienteak eta familiak biltzen ditu 2009tik.

Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak azpimarratu duenez, aurreko hamar edizioetan 160 talde eta artista baino gehiago igaro dira jaialdiaren agertokietatik; eta guztira 40.000 ikus-entzule baino gehiago bildu dira. Gainera, 240.000 euro baino gehiago bildu dituzte gaixotasuna ikertzeko.

KARTELA

DOSIERRA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide