Mahai baten bueltan milaka mundu elkartu daitezkeela frogatu du azken urteetan Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta, lehen aldiz, Bitartean Jolasean erakundeak sustatutako Bizilagunak Araba ekimenak. 2022an, 38 nazionalitateko mila pertsona inguru bildu ziren Arabako hamaika udalerritan antolatutako kulturarteko bazkarietan.
Aurten ere bueltan da egitasmoa. Mahai istorioak lelopean, azaroaren 19an, igandean, Arabako dozenaka etxe eta txoko batuko dira, zurrumurru arrazista eta xenofoboak jartzeko eta bizikidetza sustatzeko asmoz, mahai baten inguruan jatorri kultural desberdinetako pertsonak, bizilagunak eta familiak bilduz.
Izena emateko nahikoa da Aldundiaren webguneko formulario sinple bat betetzea azaroaren 5a baino lehen: "Aukera paregabea da jende berria ezagutzeko, harreman berriak ehuntzeko eta alboan dugunari entzutearen eta hura ezagutzearen esperientziaz gozatzeko. Hori bereziki garrantzitsua da bizikidetza eta bakea arriskuan dauden mundu honetan".
Zazpigarren edizioaren aurkezpenean izan dira, besteak beste, Jone Berriozabal Berdintasun Saileko foru diputatua, June Astobiza Ugarte Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko kidea, Barbara Martinez Abalos Bitartean Jolasean elkarteko teknikaria, eta Kainat Kainat eta Tere Santamaria Oiongo bizilagunak. Horrez gain, honako eragileek parte hartuko dute aurten: ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea; SOS Arrazakeria elkartea; Lautada, Aiara, Añana, Gorbeialdea, Arabako Errioxa eta Mendialdeko kuadrillak; eta Agurain, Asparrena, Amurrio, Artziniega, Laudio, Iruña Oka, Urkabustaiz, Arraia-Maeztu eta Kanpezuko udalak.

Erronka nagusia, landa eremua
Azken urteetan bezala, antolatzaileek gero eta garrantzi handiagoa emango diote landa eremuari, Aniztasuna Kudeatzeko 2021-2024 Estrategiarekin bat eginez. Horrela, landa eremuan bizi den biztanleria migratuari eta arrazializatuari lotutako zurrumurruen, aurreiritzien eta estereotipoen aurkako borroka indartu nahi dute.
Iazko bazkarien erdia herrietan antolatu ziren, eta aurten, gainera, Arabako Errioxako Kuadrilla osoa batu da ekimenera, eta Bitartean Jolasean elkartearen eskutik.
"Arabako gizartea aberatsa eta askotarikoa da, eta are aberatsagoa eta askotarikoagoa izango da etorkizun hurbilean. Horrek zubiak sortzen, elkar ezagutzen, hitz egiten eta elkarri ematen jarraitzera eta aurreiritziak eta zurrumurruak alde batera uztera animatzen gaitu", aldarrikatu du Berriozabalek. "Pertsona talde bat mahai baten inguruan biltzea, eguneroko ekintza bat da, eta bizikidetzaren aldeko mezu eta jarrera argia helarazten ditu".