Neurriak eskatu ditu UAGAk Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoari aurre egiteko

Erredakzioa 2023ko urriaren 27a

Gaixotasun biriko ez kutsakorra da GHE. Argazkia: UAGA

Arabako 121 ustiategitan 260 kasu zenbatu ditu Arabako Foru Aldundiak, eta hamar animalia hil dira.

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) "testimoniala izatetik benetako arazoa izatera" igaro da Arabako ustiategientzat. Hala esan du UAGA sindikatuak, eta gaineratu du aldundiak aste honetan gaixotasun honen hedapenari buruzko datuak eman dituela: Arabako 121 ustiategitan 260 kasu zenbatu ditu, eta hamar animalia hil direla gaitzak jota.

Sektorea "modu kezkagarrian" ari da ikusten gaixotasunak aurrera nola egiten duen, "gaitz honi aurre egiten lagunduko duen neurririk hartu gabe". Beste lurralde batzuetan, Gipuzkoan eta Bizkaian kasu, laguntzak iragarri direla adierazi du sindikatuak, bai animalien heriotzagatik, bai gaixotasuna gainditu ondoren animalien ekoizpena edota ugalketa egoeran dituzten arazoak arintzeko.

Zer da Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa?

Gaixotasun biriko ez kutsakorra da, batez ere oreinei eta behiei eragiten diena. Eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da animalien artean, eta ez die eragiten pertsonei ezta kutsatutako animalietatik eratorritako elikagaiei ere.

Udako hilabeteetan foku gehiago deklaratu dira, gaixotasuna zabaltzen duen eltxoaren jarduera handiagoa baita sasoi horretan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago