Ostiral goizean Gasteizko Plaza Berrian egindako agerraldi batean, Osasun Publikoa Aurrera mugimenduaren barruan bildutako herri plataformek Indartu dezagun Osakidetza. Diru publikoa desbideratzeari ez! manifestua plazaratu dute, eta hiru mobilizazio deitu dituzte azaroaren 11rako (larunbata) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan.
Gasteizko manifestazioa 12:00etan izango da, Bilbo plazatik abiatuta. Ordu berean hasiko da Bilboko mobilizazioa, Bihotz Sakratuaren plazatik. Donostiako protesta, berriz, arratsaldean izango da, 17:00etan Bulebarretik hasita.
Lehen Mailako Arreta erdigunera
Gaur aurkeztutako manifestuan —atxikimenduak biltzen ari dira hemen—, herri plataformek aldarrikatu dute "eredua herritarren parte hartzetik aldatzea behar-beharrezkoa" dela. Halaber, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren ildo beretik, "bizitzaren etapa guztiak barne hartuko dituen zaintza sistema integral, publiko eta kalitatezkoa" defendatu dute osasun publikoaren aldeko plataformek.
Norabide horretan, "administrazio osoaren lankidetza oinarrizko beharra" dela azpimarratu dute, lau aldarrikapen nagusi plazaratuz:
- Lehen Mailako Arreta "sistemaren giltzarri gisa birsortzea". Funtsean, osasun eredu "unibertsala eta kalitatezkoa" bermatzea eskatu dute, "premien arabera, sektore kalteberenak lehenetsiz". Halaber, "profesionalak aintzat hartu" eta plantillak egonkortzea exijitu dute, "arretaren prekarietatea murrizteko eta profesionalen arreta luzaroan bermatzeko". Hori guztia ahalbidetzeko, Lehen Mailako Arretara bideratutako finantzaketa handitzea proposatu dute, Osasun Sailaren aurrekontuaren %25 izan arte.
- Zerbitzu guztiak publiko bihurtzea, administrazio publikoak zuzenean eskaini ditzakeen kasuetan. Horretarako, kudeaketa pribatua baimentzen duen 15/97 Legea indargabetzea eskatu dute. "Ez murriztu itxaron-zerrendak klinika pribatuetara, itunpekoetara edo aparteko orduetara bideratzearen kontura", kritikatu dute.
- Kudeaketa demokratizatzea, "maila guztietan herritarren partaidetzarako eta kontrolerako egiturak sortuz".
- Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, osasun zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarrei horretarako aukera bermatuz, baita langileen artean edota langileen eta administrazioaren arteko harremanetan ere.