Arabako nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak hileta elizkizuna egin du goizean Gasteizko kaleetan. Hilkutxa bizkarrean eta "pikutara goaz" zioen pankarta baten atzean, Araban "ezinbestekoa" den lehen sektorearen egoera salatu du berriro UAGA sindikatuak. Manifestazioa 12:00etan abiatu da Luis Heintz kaletik, eta Arabako Foru Aldundiak Probintzia Plazan duen egoitzan kontzentrazioa egin dute nekazariek.
Produkzio kostuak gero eta handiagoak direla salatu du UAGAk, eta kostu horien azpiko salmenta kontratuak sinatzen ari direla, nahiz eta Elikadura Katearen Legeak debekatu. Halaber, eguraldiak eragindako uzten "murrizketa drastikoa" azpimarratu dute. Erakunde publikoen politikak ere salatu dituzte, hainbat arloetan. Hala, esan dute, lehen sektorera bideratutako laguntzak ez direla kolektibo guztietara iristen, "politikarien iragarpenak gorabehera". Era berean, kritikatu dute "oligopolio energetiko handiei Arabako lurrik onenak" eskaintzen dizkietela instituzioek, hainbat proiektu aurrera eramateko; tartean parke fotovoltaikoak eta eolikoak, goi-tentsioko lineak, eta abiadura handiko trena aipatu dituzte. "Energia berriztagarrien eta garraio iraunkorraren alde gaude, baina ez lehen sektorearen kontura", esan dute.
Bestalde, sektorearen etorkizuna "kolokan" jarri duten bestelako arriskuak ere aipatu dituzte: abeltzainen ustiategiak kolpatu dituen gaixotasun hemorragiko epizootikoaren izurritea, eta otsoa. "Mingarria da gizarteak gehiago baloratzea mastinek mendizaleei sor diezazkieketen eragozpenak, harrapariak sektorean eragiten dituen kalteak eta animalia horiek artzainei eragiten dieten gainkostua baino", deitoratu dute UAGAtik.