⛅ EGURALDIA

Xenda beretik

Erredakzioa 2023ko urriaren 17a

Argazkia: ARITZ MARTINEZ DE LUNA / ALEA

Eguzki pixka bat ikusiko dugun arren, denbora gehienean hodeiak nagusituko omen dira, iragarpenak bat ez datozen arren.

Duela hainbat egun inauguratutako ibilbide berrian sartuta jarraituko dugu datozen orduetan. Euskalmeten arabera, astearte honetan ere zerua oso hodeitsua egongo da Araban, eta noizbehinka euria izan dezakegu ere.  AEMETek, berriz, eguzki gehiago marraztu ditu bere iragarpenetan. Haizeak hego-ekialdetik egingo du ufa, bolada gogorrekin. Tenperaturetan gorakada txikia sentituko dugu, Gasteizen eguneko tartea 13 eta 26 gradu artean ibiliko baita. 

Biharko antzeko agertokia marraztu du Euskalmetek: zerua tarteka hodeitsu egongo da, noizean behin auria egingo duelarik. Eolo hegoaldetik tematuko da, bolada gogorrekin.  Minimoek zertxobait egingo dute gora, era kontrako norabidean joango dira maximoak, muturreko jarreretatik aldendu nahian edo: 15 eta 23 gradu arteko izango da eguneko aldea.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago