Hiru greba egun anbulantzietan, akordiorik gabe

Erredakzioa 2023ko urr. 11a, 14:00

Anbulantzietako langileek greba egin dute azken hiru egunetan, beren lan baldintzak Osakidetzakoekin parekatzea aldarrikatzeko. Akordiorik ezean, lanuzte mugagabera joko dute.

Urriaren 9an, 10ean eta 11n, astelehenetik asteazkenera, grebara jo dute azpikontratatutako anbulantzietako langileek. Joan den astean egin zuten bezala, gaur ere, hiru eguneko grebaren azken jardunaldian, elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, tranbia moztu gabe. Hala ere, Ertzaintzak hainbat langile identifikatu ditu.

ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT eta LSB-USO sindikatuek deitu dute greba, beren lan baldintzak Osakidetzakoekin parekatzea aldarrikatzeko. Baina oraingoz ez dute akordiorik lortu, ezta langileen eta enpresaren arteko hurbilpenik ere: "Borroka luzea eta gogorra izango da oraindik", ohartarazi dute sindikatuek, greba mugagabera jotzeko aukera mahai gainean jarriz. Urriaren 27an izango da mahai negoziatzailearen hurrengo bilera.

Gaur egun, anbulantzien zerbitzua Grup La Pau enpresa pribatu katalanaren esku dago Araban eta Bizkaian. Sindikatuek salatu dutenez, plantillak erosteko ahalmenaren %13 inguru galdu du, eta jaso duten eskaintza bakarra %2,5eko igoera da. Gaurko protestetan, gogor kritikatu dute Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren kudeaketa, bere dimisioa eskatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide