Knörr Bekak, euskararen inguruan ikertzeko ikasle bila

Erredakzioa 2023ko urriaren 6a

Henrike Knörr Beken 2023ko deialdiaren aurkezpena. Argazkia: AFA

Arabako Diputazioak, EHUrekin lankidetzan, Henrike Knörr Beken hirugarren edizioa abiatu du. 2022ko bekaren irabazleetako batek, Anne Egañak, Gasteizko guraso euskaldunen hizkuntza politikak aztertu ditu bere lanean.

Martxan da Henrike Knörr Beken 2023ko deialdia, euskararen inguruko ikerketa sustatzeko eta euskararen erabilera helburu duten ikerlanak bultzatzeko Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarritako egitasmoaren hirugarren edizioa.

Euskararen erabilerari buruzko ikerketa lan monografikoak eta master amaierako zein gradu amaierako lanen proiektuak sustatzen ditu beka deialdiak, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedradun izandakoaren oroigarri izateaz gain.

Bekak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 15ean amaituko da. Sari bakoitzak 2.000 euroko gehieneko zuzkidura du, eta proposamenak deialdian agertzen diren irizpideen arabera baloratu eta puntuatuko dira: besteak beste, proiektuaren xedea eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duen ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen maila, bideragarritasuna, curriculum vitae, espediente akademikoa eta masterraren amaierako lana.

Euskararen ezagutza aberastu

Lehenengo edizioan bi beka eman zitzaizkien Mikel Perez eta Iker Ondartzari, Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzei eta Arabako euskalkia aztertzeko, hurrenez hurren. Perezen lanak, adibidez, jarraipena izan du, eta BAT soziolinguistika aldizkarian ikusiko du argia.

Bigarren deialdian, Mikel Gartzia (Hizkuntza-sinesmenak eta haur eta lehen hezkuntzako etorkizuneko irakasleen jarrerak: euskararen egoera eta erronkak Arabako hezkuntza eleaniztunean) eta Anne Egaña bera izan ziren sarituak.

"Pozgarria da orain arte emandako lau bekak gure lurraldean euskararen ezagutza aberasten duten lau proiektu interesgarri bihurtu izana", ospatu du Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak. Hain zuzen ere, 2022ko bekadun Anne Egañak bere ikerlana aurkeztu du gaur, aurtengo deialdiaren aurkezpenean, foru diputatuarekin eta Henrikeren alaba Iruri Knörrekin batera.

Familia hizkuntza politikak, aztergai

Egañak astelehenean defendatuko du azken urtean zehar unibertsitatean egindako ikerketa: Gasteizko guraso euskaldunen familia hizkuntza-politikak: ikerketa baterako proposamena. Ikasle gazteak, lan horren bidez, "hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuetan familiako hizkuntzaren transmisioa ezinbestekoa dela" erakutsi nahi izan du, euskararen kasuan fokua jarrita.

Ikerketa soziolinguistikoaren arabera, euskararen kasuan, familia hizkuntzen transmisioa indartu egin da azken hamarkadetan. Besteak beste, "euskararen belaunaldien arteko jarraitutasuna" jorratu du Egañak, arreta familia eremuan jarrita.

Ikerketak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, atal teorikoa landuz, Gasteizko testuinguru soziolinguistikoaren aurkezpena egitea, biziberritze prozesuei buruzko oinarri sendoa eta familia hizkuntza politiken aurrekariak kontuan hartuz. Bestetik, ikerketa proposamen baten abiapuntua aurkeztea, seme-alabak euskaraz gizarteratzeko Gasteizko guraso euskaldunen familia hizkuntza politikak aztertuz, eta arreta berezia jarriz ideologiei, praktikei eta hizkuntza estrategiei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago