"Kolonizazioa" eta "arpilatzea" salatu dute UAGAk, udalek eta batzar administratiboek

Erredakzioa 2023ko urr. 5a, 17:02
UAGAko egoitzan egin dute goizean agerraldia. ALEA

Energia enpresen aurrean Arabako herriak "abandonatuta" daudela esan dute ordezkari instituzionalek, eta "mehatxua eta xantaia" erabiltzen ari direla multinazionalak.

Dura, Zurbao, Arroiabe, Uribarri Ganboa, Arzubiaga eta Uribarri Arratzuako batzar administratiboko kideek, Arratzua-Ubarrundiako eta Erriberabeitiko Udaleko zinegotziek, Noryeste Ureztatzaileen Elkarteko kideek, eta UAGA sindikatuko lehendakari Edurne Basterrak agerraldia egin dute gaur goizean, "gure lurraldea eta, bereziki, landa eremua eta gure ingurune naturala jasaten ari diren kolonizazioa eta arpilatzea" salatzeko. Herrialdean martxan dauden proiektu eoliko eta fotovoltaiko ugariren aurrean kezka agertu dute arduradun instituzionalek eta nekazarien sindikatuak. "Premiazkoa da hondamendi hau geldiaraztea", azpimarratu dute.

Energiaren multinazionalen zabalpenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Diputazioaren jarrera gogor kritikatu dute UAGAk eta udal ordezkariek, eta ukatu dute lurraldearen babesa eta bertako biztanleen interesak zaintzen ari direnik. "Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren eta, bereziki, Arantza Tapiaren errentagarritasun ekonomikoarekiko obsesioa eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren utzikeria dira Arabak lurralde bezala duen mehatxurik handiena". esan dute. Hala, Arabako herriak "abandonatuta" daudela azaldu dute, "baliabide ugari dituen arerio baten aurrean", eta nabarmendu dutenez diru kopuru handiak erabiltzen ari dira multinazionalak "borondateak erosteko", eta aurre egiten dietenei "mehatxua eta xantaia" egiteko. Egoera horren adibide bezala aipatu dute Arratzua-Ubarrundiako Vitoria Solar-1 makro zentral fotovoltaikoaren proiektua.

Solariaren egitasmoak

Hain zuzen, Solaria enpresaren Vitoria Solar-1 eta Vitoria Solar-2 proiektuak geldiaraztea "ezinbestekoa" dela uste dute. "Lurraldea zatikatzea ekarriko dute, eta eremu handi hori nekazaritza jarduerarekin jarraitzea zailduko dute. Instalazio horiek atzera bueltarik gabeko eragina izango dute landa inguruneetan". Era berean, Solaria multinazionalak, Erriberabeitian, ehun hektareako nekazaritza lurrak okupatuz, eraikitzeko asmoa duen 50 MWeko eguzki zentralaren kontra azaldu dira arduradun instituzionalak eta UAGAk. "Hemen gaudenok erabat babesten dugu Quintanilla de la Ribera eta Betolazako kontzejuek duela gutxi hartutako erabakia, hau da, bere herrietako lurrak Solariari ez lagatzea. Gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu kontzeju horiei", esan dute.

"Gezurrak"

Energia berriztagarrien zabalpenaren inguruko "gezurrak" desegiteko baliatu dute ere agerraldia. Zentzu horretan, landa eremuko ordezkariek esan dute ez dela egia Araban proiektatutako zentral fotovoltaikoek eta eolikoek deskarbonizazioa dutela helburu. "Gaur egun jatorri fosila duten energia iturri berri horiei gehitu nahi zaizkie. Zentral horien garapen indiskriminatuak, oraintxe planteatzen den bezala, areagotu egiten du arazoa, balio agroekologiko handiko ingurune naturalak eta laborantza lurrak suntsitzen baitituzte". Era berean, gogoratu dute makro proiektu energetikoak betiko enpresen esku egonen direla, "gehiegizko tarifak ezartzen dituztenak edo milaka familia pobrezia energetikora kondenatzen dituztenak".

Halaber, ukatu dute zentral horien ezarpena modu ordenatuan egiten ari denik. "Arabara mota horretako dozenaka makro azpiegitura iristen ari dira, desregularizazioaren ondorioz. Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala eta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egokitzea proposatzen ari da administrazioa, mega zentral horiek errazago ezartzeko.
Makro zentralen ezarpena arintzeko eta sustatzeko onartu nahi diren irizpide berriak enpresa energetiko handien interesetara egokitzen ari dira. Horrela, galdu egiten da lurralde-antolamenduak lehentasuna izan behar duen ikuspegia, hau da, biztanleentzako bizi-maila egokia bermatzea eta ingurumena kontserbatzea, bai egungo belaunaldientzat, bai etorkizunekoentzat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide