Basterretxearen 5.000 dokumentu baino gehiago jaso ditu Artiumek

Erredakzioa 2023ko urriaren 4a

Material horietako batzuk ikusgai daude 'Bilduma Hau' erakusketan. Argazkia: ALEA

Artiumek eta Nestor Basterretxearen familiak artistaren artxibo pertsonal zabalaren dohaintza adostu dute. Artxibo horrek 5.000 dokumentu baino gehiago ditu, tartean, besteak beste, Biok altzari modernoen diseinu-enpresaren inguruko objektuak, proiektu artistikoak eta gidoi zinematografikoak.

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) dokumentu-funtsak, Basterretxea Irurzun familiak emanak, artistaren artxibo pertsonal osoa biltzen du, eta haren ibilbide artistiko eta sortzailearen aniztasunaren berri ematen duten askotariko materialak gordetzen ditu. Artistaren eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuek, gidoi zinematografikoen proposamenek, erakusketen liburuxkek, korrespondentziak, hainbat proiekturi buruzko dokumentazioak, argazki ugarik eta 1950az geroztik Basterretxearekin zerikusia duten prentsa artikuluek osatzen dute ondarea.

Dokumentu horien artean aurki daitezke, besteak beste, Biok lantegirako egindako altzarien diseinuak; Pelotari (1963), Ama Lur (1966-1968), Alquézar (1965) edo Artea eta kulturak Amerika prehispanikoan (1988-1992) filmetako lan-materialak, bai eta egin gabeko proiektu zinematografikoak ere; hainbat arte-proiekturen zirriborroak, hala nola Arantzazuko kriptako margolanenak eta La ola, La paloma de la paz o Urbide eskultura publikoenak; bere familia- eta arte-bizitzari, munduaren eta gizakiaren ikuspegiari eta kulturako beste artista eta pertsona ospetsu batzuei buruzko gutunak eta idatziak; eta proiektu arkitektonikoei buruzko hainbat dokumentu, hala nola Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoa. Nabarmentzekoa da Oteizari buruzko dokumentu-bolumen handia, agerian uzten baitu bien arteko harreman pertsonal berezia.

Material horietako batzuk ikusgai daude gaur egun Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2002), erakusketan, hainbat margolan eta marrazkirekin eta Operación H (1963) film esperimentalarekin batera.

Berritzailea
Basterretxea XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusietako bat da. Artista polifazetikoa izan zen, eta adierazpen artistiko ugarirekin esperimentatu zuen. Ondare dokumental honek ikuspegi paregabea ematen du artistaren bizitzari eta lanari buruz, baita beste artista eta kultur eragile batzuekin duen harremanari buruz ere. Artxiboko dokumentazioaren aniztasunak, gainera, bere obraren testuinguru historiko eta artistikoa hobeto ulertzen lagunduko du.

Basterretxearenak bat egingo du Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Juana Cima, Joaquín Fraile eta Gerardo Armestoren artxiboekin; horiek ere, katalogatzeko eta digitalizatzeko lanaren ondoren, museoan kontsulta daitezke, baita Artiumen online plataformaren bidez ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago