Arabako kuadrillako batzarren eraketek jarraitzen dute, apurka-apurka. Atzo egin zuten Mendialdeko batzarra, eta bertan izendatu zuten presidente Eduardo Ruiz de Loizaga (Kanpezu, Kaixo). Larraitz Waliño (Harana, EAJ) izango da presidenteordea. Karguak hala izanik ere, independenteen eta EH Bilduren artean egindako akordio baten ondorioz, hemendik aurrera presidente kudeatzaile bakarra kendu eta sei lan eremutan bananduko dituzte ardurak.
Aiaraldean, berriz, asteazkenean egin zuten legegintzaldi honetako lehen bilkura, eta orain arte presidente izan den Encina Castresana (Artziniega, EAJ) berritu dute karguan. Zaraobeko zelaian egindako ekitaldian Nekane Martinez (Amurrio, EH Bildu) aukeratu zuten kuadrillako presidenteordea.
Ohi bezala, besteak beste ekitaldietan parte hartu zuten Anartz Gorrotxategi Lurralde Orekako diputatuak eta Arabako Batzar Nagusietako presidente Irma Basterrak.