Aldundiak Arabako instituzio publikoetan —aldundian bertan, kuadrilletan eta udalerrietako langileen artean— genero mainstreaming-a ezartzeko ekimena abiatuko du. Horretarako, eta hori egiteko baliabide propio nahikorik ez duela iritzita, lizitazio bat martxan jarri du, 50.000 euroko diru partidarekin.
Tranbertsalitate edo genero maistreaming-ak kudeaketa prozesuetan zein politika publikoetan genero ikuspegia txertatzeari egiten dio erreferentzia. Ikuspegi horrek "gizon eta emakumeen errealitate desberdinak aztertzea eta ikusaraztea ahalbidetzen du", idatzi dute foru teknikariek lizitazioaren agirian. "Aldi berean, zalantzan jartzen da politiken neutraltasuna. Izan ere, askotan gizonentzako zein emakumeentzako ondorio berdinak diren itxurapean garatzen dira politika horiek; baina, egiatan, emakumeak diskriminatzen dituzten botere harremanak eta gizarte rolak betikotzen dituzte".
Aldundian zein kuadrilletan orain arte zehaztu diren politikak noraino bete diren ebazteko egungo egoeraren diagnostiko bat egingo dute. Datozen hiru urteetarako ekintzak ere proposatuko dituzte. Modu berean, kuadrilletako zein aldundiko teknikari eta politikariak elkartzeko jardunaldi bat antolatuko dute, gaiaren bueltan egindako politikak "komunean jartzeko".
Aldundiari berari dagokionez, besteak beste kontratu, hitzarmen eta diru laguntzetan berdintasun klausulei jarraipena egiteko proposamena landuko dute, eta legedian zein araudietan egon diren azken aldaketak egokitu eta txertatuko dituzte.
Kuadrillaz kuadrilla bilerak egingo dituzte udalerrietako zein kuadrillako politikari eta langileekin, proiektuaren berri emateko eta "inplikatutako alde guztien kolaborazioa ziurtatzeko". Horren gain, gaiaren inguruko dibulgazio euskarriak egokituko dituzte.